Eskaera deialdia irekita dago jada eta azaroaren 30a bitarte egongo da irekita. Diru-laguntza jaso ahal izateko hainbat baldintza bete beharko dituzte eskaera egiten duten herritarrek

Etxeetako irisgarritasun arazoak konpontzeko diru-laguntzak emateko eskaera deialdia zabaldu du Ordiziako Udalak. Eskaerak herritarren arretarako udal bulegoan aurkeztu behar dira, azaroaren 30 baino lehen.
Ordiziako Udalak 11.000 euro aurreikusi ditu guztira 2017ko aurrekontuan etxeetako irisgarritasuna hobetzeko lanetarako. Itzuli beharrik gabeko zuzeneko diru laguntza bat denez, xede horretarako udal aurrekontuan jasotako kopuru gehiengoa, eraikin bakoitzeko etxebizitza kopuruarekiko proportzionalki banatuko da, baldintzak betetzen dituzten eskaera guztien artean.
Eskaera egiteko baldintzak
Diru-laguntza jaso nahi duten herritarrek ondorengo baldintzak bete beharko dituzte: batetik, eskabide orri normalizatua behar bezala bete beharko dute, deialdia arautzen duten baldintza guztiak onartzen direla garbi adierazi, eta diru-laguntza jasoko duen eraikinak zenbat etxebizitza dituen adierazi behar dute eskaera egiten dutenek.
Bestalde, ezgaitasunen bat duen edo 65 urtetik gorako pertsonaren edo pertsonen okupazioa justifikatu beharko da. Gainera, obra bukaerako ziurtagiria dagokion teknikariak sinatu beharko du. Obra bukaerako likidazioa, edo dagozkion fakturak ere aurkeztu beharko ditu eskaera egiten duenak.
Horrez gain, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Kontseilaritzak egindako baimen-boletina ere aurkeztu beharko da. Eskatzailearen edo jabekideen komunitatearen (eskatzailea berau denean) IFZ/IFKren fotokopia gehitu beharko da.
Azkenik, jabekideen komunitateak badira, jabekideen komunitatearen banku-kontuaren titulartasuna frogatzen duen agiria ere aurkeztu beharko da. Agiriak, erkidego eskatzailearen identitatearekin bat etorri beharko du. Kasu horretan, ondorengo agirietako edozeinek balioko du: banku-laburpenaren fotokopia; libretaren fotokopia; banku-erakundeak emandako ziurtagiria edo banku-erakundeak jarritako zigilua.
Trafikoa eta irisgarritasuna hobetzeko lanak
Ordiziako herrigunean ibilgailuen abiadura moteltzeko bi koska jarriko ditu udalak aste honetan Bizkaia pasealekuan. Bestalde, aste honetan bertan esleituko dute San Bartolome auzoa berrantolatzeko obra. Diputazioarekin hitzarmena sinatuko du udalak. Azkenik, Adifek, irisgarritasuna hobetzeko obra egingo du tren geltokian. Une honetan, proiektuaren erredakzioan lan egiten ari dira.