Korrika Topagunea egitasmoa sortu dute, korrikarako zaletasuna pizteko
Argixao taldeko korrikalariek Korrika Topagunea dinamika jarri dute martxan, herritarren artean korrikarako zaletasuna bultzatzeko. Topaketak igande honetan eta hurrengoan izango dira, 09:00etan, Zumarragako udaletxe azpian. Bertan, korrika egiten hasi nahi
Argixao taldeko korrikalariek Korrika Topagunea dinamika jarri dute martxan, herritarren artean korrikarako zaletasuna bultzatzeko. Topaketak igande honetan eta hurrengoan izango dira, 09:00etan, Zumarragako udaletxe azpian. Bertan, korrika egiten hasi nahi dutenei aholkuak emango dizkiete.
Egitasmoa atzo aurkeztu zuten Zumarragako kultur etxean. Aurkezpenean Mikel Serrano alkateak eta Argixao taldeko Carlos Montero eta Txema Ruedak parte hartu zuten.
Monterok Argixao atleta herrikoien taldea duela 15 urte sortu zela gogoratu zuen. Beraien helburua zaletasuna bultzatzea eta kirola lagunekin egitea da. Taldea gero eta lagun gehiagok osatzen dute eta uztailean Zumarragako lasterketa herrikoia antolatzen dute.
Atletismo eskola
Argixaon elkartzen dira, astearte eta ostegunetan. Gainera, atletismo eskola dute. Egun, benjamin, kimu eta haur mailako 30 neska-mutiko dituzte.
Monterok gainontzeko herritarrak Korrika Topagunea ekimenean parte hartzera gonbidatu zituen. «Doan da eta helburua herritarrek korrika egiten gozatzea da. Korrika egiten hasi nahi dutenek, korrika egiteko lagun bila dabiltzanak, lasterketa bat modu egokian prestatu nahi dutenei… gonbitea luzatu nahi diet».
Ruedak baldintza bakarra osasun arazorik ez edukitzea dela gehitu zuen. «Lotsa galdu behar da. Hasieran beroketak egingo ditugu eta ondoren bidegorrira joango gara. Gainera, aholkuak emango dizkiegu. Askok pultsazioei buruz galdetzen digute. Korrika egiten ari zaren bitartean hitz egiteko gai bazara, ondo zoazen seinale. Bestalde, lagunekin korrika egitea aholkatzen dugu. Topaketa horretarako ere bada: lagunak egiteko. Mina baduzu, etxera joan. Eta entrenamendua, jarraitzeko gogoarekin bukatu. Pazientziarekin eta konstantziarekin, Lilatoia, Behobia-Donostia edota maratoia egin daiteke. Gu ere zerotik hasi ginen», aipatu zuen Zumarragako korrikalariak.
Bukatzeko, Serranok herritarrak parte hartzera animatu zituen. «Kirola egiteko eta jendea ezagutzeko aukera paregabea da. Nik ere parte hartzeko asmoa dut. Ea behingoz berriro kirola egiten hasten naizen», amaitu zuen.