Ekimena martxan jarri dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin eta enpresa proiektuaren erdigunean pertsonak kokatzen lagundu nahi du
Erakide proiektua aurkeztu dute gaur goizean Donostiako foru jauregian. Urola Garaia Mankomunitateko lehendakari Koldobike Olabidek parte hartu du, izan ere, Goierri garaiko bailarak Uggasa garapen agentziaren bitartez egitasmoan parte hartu du Beterri-Buruntzako bailararekin batera. Erakide aldundiko Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako foru departamentuaren bultzadaz burutu dute. Xedea enpresen errotzea bultzatzea izan da, berdintasuna eta parte hartzea bezalako balioetan oinarritutako enpresa-ereduak hauspotuz, beti ere pertsonak enpresa proiektuaren erdigunean kokatzea laguntzeko.
Proiektuak modu praktikoan garatu nahi izan du erakundeetan eratzukidetasun sozialaren kontzeptua. Horretarako, bi bailaretako bederatzi enpresetako langileek, Farapi kooperatibarekin elkarlanean tresna informatiko bat garatu dute. Tresna horren bidez organizazio bakoitzeko erantzukidetasun soziala neurtzen, ebaloatzen eta hobekuntza planak garatzen dituzte.
Bi fasetan egin dute lanketa. Lehenengo 2015-2016 tartean enpresetan hausnarketa prozesu bat burutzeko tresna bat garatu zuten eta enpresa eredu jasangarriago baten inguruko gogoeta sustatzeko aukera izan zuten. Bigarren fasean 2016-2017an proiektuan sakondu dute.