Eskua emanda
Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen alde lan egiten duen Goierriko Gure Esku Dago taldeak giza-katea egingo du hilaren 22an, Kataluniarekin bat, guk ...
Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen alde lan egiten duen Goierriko Gure Esku Dago taldeak giza-katea egingo du hilaren 22an, Kataluniarekin bat, guk ere erabakiko dugu goiburupean. Lazkao, Ordizia eta Beasain uztartuko dituzte goierritarrek elkarri eskua emanda. Bi helburu ditu Gure Esku Dagoren deialdiak: batetik, Kataluniako herritarrei «gure elkartasunik beroena» adieraztea; eta bestetik, «kataluniarrek bezala, gure etorkizuna aske eta demokratikoki erabaki nahi dugula esatea, eta norabide horretan pauso sendoak emateko unea dela adieraztea».
Bi helburu horiek betetzeko, goierritarrek ondo baino hobeto ezagutzen duten giza katearen formatua aukeratu du berriz ere Gure Esku Dagok: «Giza-katea sinbolismo handia duen ekimena da guretzat. Erabakirako bidea herritarrok egin behar dugula diogu behin eta berriz, eta giza-kateak irudikatzen du hori hobekien», dio GEDek.
Herritarrek elkarri eskuak emanda, «zerbaiten parte eta protagonista sentitzen» direla uste dute: «Ondokoari begiratu, diferentziak ahaztu eta bidea elkarrekin egin dezakegula sentitzen dugu. Eskuak emateak esan nahi handia dauka bere baitan».
2014ko ekainaren 8an Durangotik Iruñera bitartean egindako giza-kate hartatik bezala, «igandeko giza-katetik herritarrak indartuta aterako gara, erabakirako bidea elkarrekin egiteko prest. Gure etorkizunari eta erabakiari heltzeko prest». Izan ere, GEDko kideek nabarmendu dutenez, «guk ere, kataluniarrek bezala, gure etorkizuna aske eta demokratikoki erabaki nahi dugu. Eta norabide horretan pauso sendoak emateko unea da». Erabakia gauzatzeko pausoak, «elkarrekin adostuko ditugula» diote: «Bidea egingo dugu. Eta bideak egingo gaitu. Hurrengo geltokia urriaren 22an Ordizia, Beasain eta Lazkao elkartuko dituen giza-katea da».
2.000 laguneko soka
Ordiziako, Beasaingo eta Lazkaoko udaletxeak elkartuz, 3,6 kilometroko giza-katea egitea dute erronka. Horretarako, 2.000 herritar behar direla aurreikusten du GEDk. Antolaketa errazteko, herri bakoitzeko eremu bat finkatu dute, hurrengo orriko mapan ikus daitekeen bezala.
Hiru zati izango ditu igandeko ekintzak. Lehenik eta behin, 12:00etan giza katea osatuko dute; ondoren, 12:20an, giza katearen bi ertzeetatik lekuko bana aterako da. Lekukoak eskuz esku joango dira Beasaingo plazaraino. «Lekukoek aurrera egin ahala katea desegiten joango da. Horrela, guztiok elkarrekin lekukoaren atzetik bidea egin, eta Beasaingo plazan egingo den ekitaldian elkartuko gara». Azkenik, Beasaingo Loinazko San Martin plazan egingo duten «ekitaldi xumearekin» amaituko dute ekitaldia.
Goierritarrak adi
Azken asteetan Kataluniako herriari elkartasuna adierazteko Goierrin antolatu diren ekitaldiak jendetsuak izaten ari dira, eta momentua aprobetxatu nahi du GED-k giza katea antolatuz urrats bat aurrera egiteko. «Iruditzen zaigu, urriaren 1eko irudi asko jendeari barneraino iritsi zaizkiola, eta bere egin dituela. Espainiaren jarrera gaitzetsiz Kataluniari babesa emateko, aurreko astean antolatutako mobilizazioetan ikusi dugu, jendea aktibatzen ari dela. Eta horri jarraipena eman nahi diogu giza katearekin».
Gure Esku Dagoko kideak arreta handiz jarraitzen ari dira Kataluniako prozesua. Kataluniarrak egiten ari diren bidea «eredugarria» iruditzen zaie: «Duintasunez ari dira emandako hitza betetzen. Beraien etorkizunaren jabe eta protagonista direla sentitzen dute, jarrera bat da. Pausoak eman dituzten heinean joan dira jarrera hori barneratzen. Herritarrek eraman dute ekimena aurrera, eta beraien ordezkariek ere jarrera aldatu dute. Utopia egi bihurtu dute, herrialde heldu bat dela erakutsiz».
Erasoak, kezkaz
Era berean, kataluniarrak «herritar eta komunitate moduan, ahaldunduta» daudela ikusi dute. «Herritarrak ongi antolatuta, iraultza baketsu bat ari dira aurrera eramaten».
Urriaren 1eko erreferenduma bertatik bertara bizi izan dute hainbat goierritarrek: «Hango herritarrekin bizitakoa hitzez azaltzea ez da erraza. Sant Vicenç dels Horts herriko herritarrekin dugun harremana sendotuz doa. Espero dugu luze gabe hemen izango ditugula berriz, elkarrengandik ikasteko asko dugu eta».
Bestalde, Espainiako Gobernua Kataluniaren aurka egiten ari den «erasoak kezkaz» jarraitzen ari direla aitortu dute. Beraz, «urriaren 22ko giza katearekin Kataluniari gure babesa adierazi nahi diegu baita ere. Bide honetan bakarrik ez daudela, eta une oro alboan izango gaituztela adierazi nahi diegu».