Aitor Perez Arrieta: "Beti gustatu izan zait Zegaman bizitzea, herri lasaia baita"
Aitor Perez Arrieta txirrindulariak (Zegama, 1977) bederatzi denboraldi egin zituen profesionaletan. Europako txoko asko ezagutzeko aukera izan zuen, baina etxera itzuli zen erretiroa hartu zuenean. Mendiko duatloietan parte hartzen ari da egun.
Nola aurkeztuko zenioke herria ezagutzen ez duenari?
Mendi artean dagoen herritxo bat dela esango nioke, eta Aizkorriko mendikateak harro sentiarazten gaituela zegamarrak. Betidanik lotura berezia eduki izan dugu mendiarekin, Aizkorriren maldetan dagoelako herria. Are gehiago, Zegama eta Aizkorri mapan kokatzen lagundu du Zegama-Aizkorri mendi maratoiak.
Zer diozu proba horri buruz? Zer eman dio herriari?
Denok dakigu zenbateko eromena sortu den proba horren inguruan. Zegama eta Aizkorri inguruko bazter ikusgarriei bultzada emateko asmoz sortu zuten, eta inork ez zuen imajinatu ere egingo lortu duen arrakasta izatera helduko zenik. Herria munduko mapan jartzen lagundu du lasterketak. Urtetik urtera handitzen ari da parte hartu nahi dutenen kopurua, eta oraindik ez du ematen goia jo duenik. Ondo egindako lanaren fruitua da.
Zein da Zegamako zure tokirik kutunena?
Aitzuri eta Arbelaitz tontorren azpian dagoen toki bat: Itzubi. Bertatik izugarrizko ikuspegia dago tontor horietara. Herria ikusteaz gain, Goierri eta Aralarren ikuspegi ederraz ere goza daiteke. Bertatik pasatzen da Zegama-Aizkorri maratoia, baina Zegama-Aizkorriko proba bertikalari esker egin da ezagun toki hori, hortik gertu pasatzen delako.
Zer gomendatuko zenioke Zegaman egun bat pasatu nahi duenari?
Goizean mendi bueltatxo bat egiteko esango nioke. Eguraldiak lagunduz gero, behintzat, Aizkorriko buelta egitea gomendatuko nioke, San Adriango kobazuloa bisitatuz. Ondoren, Anduezako egur museora bisita egiteko esango nioke. Egurraz eta gure basoen historiaz gozatzeko aukera dago bertan. Ondoren, indarberritzeko, Murgi zelai parkean parrila jan on bat egiteko aholkua emango nioke, eta eguna bukatzeko, berriz, Zegaman barrena ibiltzeko, herriko txokoak ezagutzeko.
Bizitzeko toki ona al da Zegama?
Beti gustatu izan zait Zegaman bizitzea, herri lasaia baita. Ez da pilatzen herri handiagoetako estresik. Bizia dauka herriak; festa eta kirol proba asko antolatzen dituzte urtean zehar. Eta, horrez gain, zoragarria da Aizkorrira begira daukagun ikusmira. Ez du preziorik goizean jaiki eta Aizkorri aldea zein eguraldirekin esnatu den ikusteak. Gauza ezkor gisa, gauza asko herritik kanpo egin behar izaten ditugunez, herritik atera behar izaten dugu ia egunero. Errepidea pixkanaka konpontzen ari badira ere, oraindik nahiko egoera kaxkarrean daude zenbait zati, eta arriskutsua da hori.
Nahikoa zerbitzu al daude?
1.500 biztanle dituen herri baterako nahikoa zerbitzu daudela esango nuke, bai. Ez da falta dendarik eta tabernarik. Ostegunetako feria, kiroldegia, gimnasio berria, udako igerilekua… Herrian bertan lan egiteko aukera izanez gero, bertatik askorik mugitu gabe bizitzeko aukera dago. Kanpora mugitu behar izanez gero, berriz, autobus zerbitzu ona dago.
Asko aldatu al da herria?
Bai. Etxe berri asko egin dituzte, eta hazi egin da herria. Bertako auzoak urbanizatuz eta konponduz joan dira; egur museoa egin dute; erdigunea oinezkoentzat egokitu dute; alde ez nagoen arren, semaforoak ere jarri zituzten… Bidegorria ere denbora gutxi barru iritsiko da herriraino.