Beasaingo herritarren bizikidetza taldeak ekitaldi ugari antolatu ditu urriaren 27tik azaroaren 21era bitartean.
Askotariko bizipen eta ideologietako herritarrek osatutako taldea da Beasaingo herritarren bizikidetza taldea. Bakea, bizikidetza, giza eskubideak eta oroimenaren inguruko gaiek arduratuta, urtarrilean hasi ziren elkarrekin biltzen. Talde barruko lanak egin ondoren, atzo iluntzean egin zuten taldearen aurkezpena udaletxeko batzar aretoan. Taldearen izenean Olatz Insaustik eta Hur Ezeizak irakurri zuten guztiek adostutako testua taldearen nondik norakoak eta helburuak argitzeko. Hilabete hauetan, «denon ikuspegiak kontuan hartuta diagnostiko txiki bat egin dugu elkarrekin bizitzeko dauden zailtasun eta aukerak identifikatuz», azpimarratu zuten.
Orain arte egin duten bidearekin gustura daude taldekideak: «Egin dugun bidea da nabarmentzea merezi duena: lehen aurkakoak izan gintezkeenak era sosegatu eta zintzoan hitz egiten, eta batez ere, elkar entzuten ibili gara».
Iraganari eta orainari buruzko ikuspegi desberdinak dituztela nabarmendu dute, «batzuetan zalantza eta kontraesanez beteta gaude, eta zintzotasunez adierazten ditugu entzun ere errespetuz egiten diogulako elkarri». Izan ere, «ezberdintasunetatik harago, etorkizun hobeago bat eraiki nahi dugula argi daukagu denok», nabarmendu zuten.
Herrira zabaldu
Hilabete hauetan guztietan sortatutako sarea, herrira zabaldu nahi dute orain: «Beasainera ireki nahi dugu bizikidetza hobea eraikitzeko gure nahia eta ardura». Beraiek izan duten «hurbilketa ariketa» herrian zabaldu nahi dute, «banatu izan gaituzten hesiak apurtuz has gaitezen lanean».
Helburu hori betetzeko, bakea, bizikidetza eta memoriaren inguruko hainbat ekintza prestatu dituzte taldekide guztien lankidetzarekin eta adostasunarekin. «Ilusioz eta talde lan biziz aritu gara guztia antolatzen, eta ahalik eta herritar gehienengana iristea gustatuko litzaiguke». Era horretan, herritar guztiak animatu nahi dituzte «bizikidetza grekin batera eraikitzera».
Egitaraua
· Ostirala.17:30. Ramon Saizarbitoriaren 100 metro eleberriaren inguruko solasaldia, Irakurle Taldearekin.
· Azaroak 8.19:00. Udaletxean, antzerki foruma: Eta hik zer?. Izen eman behar da aurrez (m.aseginolaza@baketik.org edo 688 68 14 66).
· Azaroak 10. 17:30. Memoriaren eguna. Bertso musikatuak eta solasaldia Ekaitz Goikoetxearen eskutik Igartzan. Ondoren, ibilaldia abesbatzak lagunduta, 36ko gerra oroitzen duen monumentura eta Barandiaran parkeko oroigarrian ekitaldia, 19:00etan.
· Azaroak 15. 19:00. Biktimak elkartzen direnean mahai ingurua, Lourdes Zabalza eta Maixabel Lasarekin.
· Azaroak 16. 21:00. Los caminos de la memoria dokumentala, zine klubaren eskutik.
· Azaroak 21. 19:00. Iragana azaleratuz: 36ko gerra zibila eta ondorengo urteetako tortura kasuak hitzaldia, Pako Etxeberriarekin.