«Boluntario izateko nahikoa da gogoa eta ilusioa izatea»
Nerea del Barrio (Zumarraga, 1988) Gurutze Gorria estatu mailan egiten ari den ‘Con V de Voluntariado’ sariketaren bigarren edizioan saritua izateko aukeratua ...
Nerea del Barrio (Zumarraga, 1988) Gurutze Gorria estatu mailan egiten ari den ‘Con V de Voluntariado’ sariketaren bigarren edizioan saritua izateko aukeratua izan da Gazteak atalean. Sariak bost ataletan banatuko dira: Gazteak, Ekimena, Gainditzea, Sustapena eta Beteranotasuna. Datorren urriaren 27ra arte dago botoa emateko aukera Gurutze Gorriaren Facebookean.
Noiz hasi zinen Gurutze Gorriarekin elkarlanean?
Boluntario bezala, modu profesionalean 2011n hasi nintzen, baina aurretik Gurutze Gorriko haurra izan nintzen. Hau da, Gurutze Gorriaren Gaztea sailean antolatzen ziren aisialdi taldean parte hartzen nuen. 8 urterekin hasi nintzen. Bizitza guztia daramat Gurutze Gorriarekin harremanetan.
Gaur egun zer da egiten duzuna?
Goierri garaiko Gurutze Gorriko Gazteria saileko zuzendaria naiz. 8 eta 12 urte bitarteko haurrentzako ekintzak prestatzen ditugu. Jokoaren bitartez, Gurutze Gorriaren hainbat balio transmititzen saiatzen gara. HIESa, genero biolentzia, drogak… bezalako gaiak lantzen ditugu beraiekin. Lehen sorospenetako saioak egiten ditugu, eta bisitak ere bai, Gurutze Gorriaren delegazioa eta anbulantziak ezagutu ditzaten, adibidez.
Zenbat boluntariok eta haurrek osatzen duzue gaur egun taldea?
Guztira 8 bat boluntario aritzen gara, baina jendea behar dugu gure ekimenak aurrera eramateko. Haurren kopurua asteburuaren araberakoa izan ohi da, baina 30 bat elkartzera iritsi gara.
Nola antolatzen zarete?
Orain, hamabostean behin egiten ditugu saioak. Larunbat arratsaldeetan 16:00etatik 18:00etara elkartzen gara. Urtarrilari begira 12 eta 16 urte bitarteko gazteekin beste talde bat osatu nahi dugu, baina horretarako boluntarioen beharra daukagu.
Nor izan daiteke boluntario?
Edozein. Nahikoa da 16 urte beteta izatea eta gogoa eta ilusioa izatea. Niri boluntario izateak izugarrizko asebetetzea eman dit. Lana da, baina haurrekin bi orduz egon eta ederki pasa dugula ikusteak dena balio du. Boluntariotzak bueltan asko ematen du.
Nola jakin zenuen sariketarako hautatua zinela?
Kasualitatez. Sorpresa handia izan zen hasieran, egia esan, ez nuen espero. Estatu mailan asko gara Gaztea sailean la-nean gabiltzanak. Sorpresaren ondoren, Urretxu, Zumarraga eta Legazpiko haurren alde hainbeste urte lanean eman eta gero oso harro nago. Jada ez zait axola sariketa ez irabaztea, hautagaitza bera nahikoa da niretzat.