Irizarren i8 modeloa, Europako autobus onena
Ormaiztegiko Irizar kooperatibaren i8 modeloa, Europako autobus onena izendatu dute. Suedian egin da lehiaketa, eta Irizarrekin batera, Iveco, Scania, Mercedes-Benz, Neoplan eta VDL marka ezagunek parte hartu dute. Epaimahaiak i8 modeloaren ezaugarriak eta eskaintzen duen “balio erantsi altua” goraipatu ditu. Bere aldetik, Irizarrek “azken urteetan egindako jauzi estrategiko handia” nabarmendu du, eta saria, ahalegin horren ondorio dela dio.
Irizarrek Europa mailan egiten den autobus azokarik handienean, Busworld 2017 azokan parte hartuko duela ere jakinarazi du. Belgikan egingo dute eta 1.600 metro koadroko erakustokia izango du Ormaiztegiko konpainiak. Bertan, azken berrikuntza teknologikoak aurkeztuko dituzte, i8, i6S eta i4H modeloekin batera. Azoka horren inaugurazio ekitaldian, autobus eraikitzaile onenaren saria ere jaso du Irizarrek.