Giza katean lekukoa eraman zuten lau goierritarrek beraien testigantza eman dute, igandeko eguna nola bizi izan zuten azalduz:
Gure Esku Dagok deituta, Kataluniaren aldeko giza katea egin zuten 3.000 goierritar inguruk, Ordizia, Lazkao eta Beasain artean. Adin guztietako herritarrek parte hartu zuten bertan, baita lekukoa eramateko garaian ere. Horren adibide dira Joxe Bikuña ataundarra eta Julene Iturriotz ordiziarra; batak Lazkaon eta besteak Ordizian hartu zuten lehendabiziko lekukoa, biek ere 82 urteak beteta dituztela. Gazteagoak dira Maialen Akizu urretxuarra eta Dani Soler ordiziarra; haiek egin zituzten Beasaingo plazara iritsi arteko azken metroak lekukoarekin.
«Lezio bat eman digute Katalunian: emandako hitza betetzen segitzen du»
Joxe Bikuña (Ataun)
«Pozik sentitu nintzen. Ez nuen uste halako jende pilarik juntatuko zenik. Baina azkenean ondo atera zen. Gure arazorik inportanteena batasuna da. Horrelako momentuetan biltzen garen bezala, gehiagotan bildu beharko ginateke. Herri txiki bat garenez, elkartu beharra daukagu.
Kataluniaren jokabidea goraipatzeko eguna ere bazen. Borroka guztietan ateratzen da zerbait ona, eta zerbait txarra. Ona gehiago aterako da Katalunian. Lezio bat eman digute: emandako hitza betetzen jarraitzen dutela, jarri dizkieten oztopo, espetxe, kolpe eta mehatxu guztien gainetik».
«Guk ere mugitu beharra daukagula ikusi da, zerbait lortu nahi badugu»
Maialen Akizu (Urretxu)
«Kataluniak eta Euskal Herriak antzekotasun asko dituzte, eta harreman berezia dute. Han bizi duten egoera berezi honetan, nolabait elkartasuna adieraztea zen. Egun mugituak ari dira izaten, eta ez dakigu zer gertatuko den. Baina erakutsi dute herria mugituz lortzen direla gauzak, kalea dela motor. Guk ere mugitu beste erremediorik ez daukagula ikusi da, zerbait lortu nahi badugu.
Pozgarria da lekukoa eramatea, eta mezua irakurtzea ere bai, nahiz eta testua ez zen nik idatzia. Gu ere aldaketa nahi batean gaudela uste dut. Herenegungo ekitaldiak eta antzekoek suspertzen gaituzte, bide horretan».
«Madrilera begira egoteak tristura sortzen dit. Kate hori puskatu behar da»
Julene Iturriotz (Ordizia)
«Egun polita izan zen, eta pozik egon nintzen jendea kalean ikusita. Animoak jaso nituen eta jendea oso maitakor agertu zen nirekin. Nik nirea egin nuen, harrokeriarik gabe. Hala ere, jende gehiago behar da, elkarrekin egiten da indarra, eta herritarrak, udalak, sindikatuak… denak behar dira.
Kataluniaren aldean motel xamar gabiltza. Beti Madrilera begira egoteak tristura sortzen dit. Kate hori puskatu behar da, hortik ez dago gauza onik eta. Kataluniarrei indarra eman nahi nieke, aurrera segitzeko esan. Oztopoak jarriko dizkiete, baina herria elkartuta badago, aurrera egingo dute».
«Emozio handiko egunak izaten ari dira, gorabehera handiekin»
Dani Soler (Ordizian bizi den kataluniarra)
«Kataluniarra izanda, kezka handiarekin bizi dut hango egoera, ni hemen bizi arren, familia eta lagunak baititut han. Emozio handiko egunak izaten ari dira, gorabehera handiekin.
Ni ez naiz bereziki aktiboa politikan, katalana naiz eta kitto.?Horregatik harritu ninduen Gure Esku?Dagoren gonbidapenak. Egun polita izan zen; eguraldia kontutan izanda, pozik nago bildu zen jende kopuruarekin.
Plano pertsonalean askok galdetzen didate hango egoeraz, baina instituzioen aldetik nahiko epel ikusi ditut orain arte.?Badirudi 155. artikuluaren kontu honekin piztu direla».