Geratzeko bueltatu dela esan du Ruben Garmendia Lakiola Kimu-Berri elkarteko kideak, elkarteak hartu dio lekukoa Zingi Zangori
Lakiola Kimu-Berri kultur elkarteak Ardanbidetako erromeria berreskuratu du. Igandean izango da Lakiolan. Aurretik ere egiten zen erromeria. Zingi Zango euskaltzale elkarteak antolatzen zuen eta Kimu-Berrikoek lagundu egiten zieten oraindik formalki elkarte ez zirenean. Erromeria «geratzeko bueltatu» dela esan du Kimu-Berriko Ruben Garmendiak. Data ere aldatu diote lehen irailean ospatzen zelako. Egunotan Kimu-berri txabolaren 35. urteurrena betetzen dela, eta urtemugarekin bat egin nahi izan dute erromeria.
Lakiola Kimu-Berri elkarteari 2010ean izaera ofiziala eman zioten. Aurretik urteetan Kimu-berrin salda banatu zuten igandero-igandero. Orain ere egiten dutela gogoratu du Garmendiak, «salda beroa eta txorizo pintxoak ematen ditugu borondatearen truke». Elkarte gisa eratu zirenetik erromeria antolatzeko gogoa izan dutela dio eta Zingi Zangok azken urteetan ezin izan duenez antolatu lekukoa hartu diete.
Egitaraua eta oharrak
Lehenengo hitzordua herrian egin dute. 09:00etan Izadi Zaleak mendizale elkarteko kideekin Lakiolarako bidea hartuko dute. 10:30ean salda eta txorizoa doan banatuko dute. 11:00etan haurrentzako jolasak Sorgintxulorekin eta ondoren, 12:15ean, herri kirol desafioa. 14:15ean bazkari herrikoia egingo dute nork bere bazkaria eramanda eta sokatira saioa bazkalondoan izango da, 16:00etan. Jaitsiera trikitilariekin egingo dute 17:00etan.
Garmendiak autobusak egongo direla ohartarazi du. Laubideko errotondatik 10:00etatik 14:00etara bitartean aterako dira eta jaisteko 16:00etatik 18:00etara.
Zirkulazio aldaketak egongo dira. 11:00etatik 17:00etara Urtatzako parkeko bidea moztuko da. Bertako bizilagunak eta baimendutako ibilgailuak soilik pasatuko dira.