
Europako zein Euskal Herriko udalerrien filosofiari jarraituz, Altzagako Udala Tokiko Agenda 21 prozesua berritzeko urratsak ematen ari da. 2004an abiatutako proiektua berritzeko asmoz, 2016 urtearen amaieran, udalerriko plangintza estrategikoa osatzeko bideari ekin zion Elkarrekin 21 aholkularitza taldearen laguntzarekin. Horren harira, diseinatu berri den Altzagako iraunkortasunaren ekintza plan berria partekatzeko asmoz, gaur, 20:00etan, udaletxe azpiko elkartean bilera deitu du udalak.
Saio honen helburua bikoitza da; alde batetik ekintza plana aurkeztuko da eta, bestetik, herritarren esanetan ekintza plan horrek jaso beharko lituzkeen ekintzen proposamenak bilduko dira eta 2018rako lehentasun handieneko ekintzak aukeratuko dira.
Helburuak
Altzaga 2030 Iraunkortasunerako Estrategiak udalerriko iraunkortasuna eta, funtsean, herritarren bizi-kalitatea hobetzea du helburu. Horretarako herritarren laguntzarekin, plangintza zehatz bat osatzeko asmoa du udalak, 2017-2030 urte bitartean herriaren beharrak asetzeko ekintzak zehaztuko dituena.