Haritz Arabiatorre: «Egunen batean Itsasondon biziko nintzela esaten nuen»
Hernaniarra bada ere, Urkia auzora etorri da bizitzera Haritz Arabiatorre orain dela hilabete gutxi. Itsasondoko ongizate zerbitzuak antolatutako Harrera Eguneko partaideetako bat da
Itsasondoko udaleko Ongizate Batzordeak harrera plana landu du beste behin ere eta asteazkenean plan horren barruan, Harrera Eguna egin zuten. Itsasondora bizitzera eta bertan erroldatu diren pertsonei ongi etorria emateko modua da. Horrez gain, elkar ezagutu, informazioa eskaini eta euren iritziak, eskaerak eta beharrak jasotzeko bidea errazten du. Haritz Arabiatorre, herenegun egindako harreran partaideetako bat izan zen. Hernaniarra da eta Itsasondon bizi da orain dela denbora gutxi.
Zergatik aukeratu duzu Itsasondo bizitzeko?
Pixu bila nenbilen, baina etxebizitza erostea edota alokairuen prezioa oso altua da herri askotan. Ni hernaniarra naiz eta han adibidez, zaila da. Itsasondon, ezagun baten bidez, aukera politarekin egin nuen topo eta horregatik etorri naiz.
Non biziko zara?
Urkia auzoan dagoen baserri batean, elizaren ondoan, hain zuzen. 54 urte hutsik egon den baserri bat da. Lan asko dago egiteko eta oraintxe garbiketa lanetan ari naiz, bertan gustura bizi ahal izateko egokitzen alegia. Aitortu behar dut betidanik izan dudala baserri batean bizitzeko ilusioa. Baratza ere jartzeko asmoa dut. Oilategia ere egiten ari naiz. Pozik nago bizimodu berriak emango dizkidan aukerekin.
Itsasondo ezagutzen al zenuen lehendik?
Bai, ezagutzen nuen. Izan ere, orain dela 20 urte Itsasondoko Jaso enpresan egin nuen lan. Garai hartan broma artean lanki-deei,egunen batean Itsasondora bizitzera etorriko nintzela esaten nien, eta hara, egia bihurtu.
Eta Urkia auzoa?
Urkia ez nuen ezagutzen eta toki paregabea da bizitzeko. Lasaia da oso eta handik ditugun bistak, ikaragarri politak dira.
Zein da udaletxeak horrelako ekimenak antolatzearen inguruan duzun iritzia?
Oso polita, egia esan. Elkar ezagutzeko aukera paregabea ematen digu Harrena Egunak. Toki berri batera iritsi eta gure bizitza egiteko ohitura dugu eta horrek ez du inguruan duguna ezagutzen laguntzen. Itsasondoko bizilagunak ezagutzeaz gain, herriak berak eskaintzen dituen zerbitzuak ezagutzeko aukera dut eta oso interesgarria iruditzen zait hori.













