
Euskal taldeen arteko derbia jokatuko du Ampo Ordiziak, Getxo Artearen kontra, bihar 16:00ean Altamiran. Goierrikoak animo onarekin daude, aurreko asteburuan La Vilaren kontra, Alacanten irabazi ondoren.
Une honetan Marotias-Garmendiaren taldea sailkapeneko zazpigarren tokian dago, U.E. Santboianaren parean, hamahiru puntuekin. Aurretik FC Barcelona dute, bi puntu gehiagorekin. Ampok irabazten badu, play-offerako lehian bete-betean sartuko da. Txanponaren beste aldean dago Getxo Artea. Bizkaitarrak sailkapeneko azkenak dira, bi punturekin.
Dena dela, ordiziarrek ez dute lan erraza izango. Getxokoek badakitew Altamiran irabaztea zer den.
Dena den, ez da ohorezko mailako taldea, euskal derbia jokatuko duen klubeko talde bakarra. Izan ere, 18 urte azpikoek eta 16 urte azpikoek ere, Getxoren aurka arituko baitira Altamiran, bihar. 13:15ean lehenengoak eta 12:00etan bigarrenak.
Fitxaketa berria

Atzo, osteguna, Coert Cronje utility-back hegoafrikarra ere iritsi da Ordiziara. Itxaropenez egingo diote zaleek harrera eta baliteke larunbat honetan lehen minutuak jokatzeko moduan egotea, taldekideak ezagutzen hasteko.
Fitxaketa duela aste batzuk eman zen ezagutzera, bere lurraldeko denboraldia amaitu arte ezingo zela etorri jakinda. Bidaia luzea egin arren, gogoa du lanean hasteko entrenatzaileen esanetara jarriz.
Hegoafrikarra sasoi onean etorri da, Hegoafrikako bigarren mailako Currie Cup First Division ligako minutu gehienak jokatu ondoren.
Hirugarren lerroko balio anitzeko jokalaria da, jokaldiak oso ondo amaitzen ditu eta defentsan ere primeran moldatzen da. Azken denboraldian 15 zenbakiarekin aritu da, baina aurrekoan erdian eta alboko postuetan aritu zen. Currie Cup-ean ehun partida baino gehiago jokatu ditu, eta honek esperientzia asko eman dio.