
Gaztazaleek hitzordu berezia dute gaur eta bihar, Idiazabalen. Izan ere, Euskal Herriko Artzai Gazta Txapelketaren 34. edizioa jokatuko baita. Aurtengo berrikuntza nabarmena txapelketaren leku aldatzea izango da, Pilarrenea parkea izango baita lehen aldiz artzain gazta onenaren aukeraketaren lekuko. Bestalde, nabarmentzekoen artean daude epaimahaia bera, eta baita gaur arratsaldean udaletxean egingo den gazta berezien dastaketa ere.
Euskal Herriko Gazta Txapelketan, 40 gaztagile ariko dira lehian. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako herrialdeetako lehiaketetan lehen hamar postuak lortutako gaztagileak sailkatzen dira, bihar Idiazabalen jokatuko den finalerako. Gipuz-koako sailkatuak Legazpiko Artzain Egunean jokatzen den gazta txapelketan erabaki ziren, irailaren lehenengo igandean, Bizkaiakoak, Axpekoan, Arabakoak Agurainen eta Nafarroakoak, Uharte-Arakilen.
Epaimahaiak hiru artzain gazta onenak sarituko ditu eta 13:30a aldera jakingo da zeintzuk diren. Epaimahaia bera, 11:30ean hasiko da gaztarik onenaren aukeraketa lana egiten. Aurten, gaztaren munduarekin eta Artzai Gazta elkartearekin lotura zuzena duten 30 pertsonek osatuko dute: kazetariak, sukaldariak eta gastronomiaren munduko adituak, besteak beste. Sari nagusiez gain, publikoak ere emango du saria, salmenta postuetan dastatutako gazten ar-tean onena nabarmenduz.
Transhumantzia
Biharko egunaren berezitasunetako bat, Aizpea gaztandegiko Mikel Etxezarreta eta Eli Arrillaga artzainen artaldearen bisita da. Urbiatik jaitsi berri dira, eta bihar eguerdian, Idiazabalgo herrigunea zeharkatuko dute 500 bat buruko artaldearekin.
Dastaketa, gaur
Txapelketa bihar bada ere, gaur arratsalderako gazta berezien dastaketa antolatu dute, udaletxeko areto nagusian, 19:30ean. Munduko gaztarik onenak egongo dira bertan. Orain ia urtebete, World Cheese Awards-en irabazle izandako gazta dastatzeko aukera ere egongo da, beste zenbaitzuren artean.
Egitaraua
Gaur, ostirala
· 19:30. Gastronomiaren arloko pertsonek aukeratutako gazta berezien dastaketa, udaletxeko areto nagusian.
Bihar, larunbata
· 10:00. Postuen irekiera. Artzai Gaztako produktuen salmenta; gazta, ogia, sagardoa, txakolina, ardoa, basatxerria, eztia eta artilea izango dira, besteak beste.
· 10:30. Lehiaketarako gaztak jasotzen hasiko dira.
· 11:30-13:00. Gazta txapelketako epaimahaia lanean arituko da.
· 12:00. Aizpea gaztandegiko artaldea herriko kale nagusitik pasako da.
· 13:30. Gazta txapelketako sari banaketa egingo da