Altamiran jokatutako partidaren une bat, atzo
Euskal derbia jokatu zuten atzo, larunbata, Ampo Ordiziako mutilek, Getxo Artea taldearen aurka, eta 61 eta 14 irabazi zioten talde bizkaitarrari. Ordiziarrak, gogotsu irten ziren zelaira eta partidaren lehenengo minututik nagusi izan ziren. Lehenengo zatiaren erdirako, defentsa bonusa eskuratuta zuten. Etxekoen defentsa lan bikainak, asko zaildu zien jokoa bisitariei. Ordiziakoek berriz, gauzatutako entseguei esker, aurretik jarri ziren. 40 eta 0 markagailuarekin iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren zatian, jokoa ez zen hasierakoa bezain arina izan, dena den, etxekoek ondo eutsi zioten eta garaipena poltsikoan sartzea lortu zuten.
Ampo Ordiziara iritsi berri den Coert Cronjek ere, etxeko zaleen aurrean estreinatzeko aukera izan zuen atzoko derbian. Eta ederki aritu gainera; entsegu bat gauzatu baitzuen.
Ohorezko mailako mutilek ez ezik, 18 eta 16 urtez azpiko taldeek ere, Getxoko taldearen aurka neurtu dituzte indarrak, astebukaera honetako jardunaldian, Altamiran. Klubeko nagusiek arratsaldean jokatu bazuten, gaztetxoek eguerdian jardun zuten eta biek hala biek, garaipena eskuratu zuten; 18 urtez azpikoek, 54-7 irabazi zioten Bizkaiako taldeari, 16 urtez azpikoek berriz, 48-12. Astebukaera borobila Ordiziako taldearentzat.