HERRIZ HERRI. 260 biztanle inguru dituen Goierriko herria da Zerain. Aizkorri mendilerroaren babesean dago, eta Aralarren begiradapean bizi da. Bere txikian, Zerainen beraren eta zeraindarren mendeetako historiaren eta ondarearen museo bizia da herria.
Txikia izanagatik, Euskal Herrian oso ezaguna da Zerain, tokiko garapenean eredu eta aitzindari baita. Herriaren etorkizuna bermatzeko urratsak egiten hasi ziren XX. mendearen amaieran, iraganera begiratuta, auzolanean oinarrituta eta ondarea berreskuratuta. Arantza Ruiz Larrinaga alkatearen (Donostia, 1965) deskribapenaren arabera, “inguru politean dagoen herri txikia da Zerain, euskalduna, eta kultura, ohiturak eta ondarea mantendu dituena”.
Herritarrek urteetan elkarlanean egindako lanaren emaitza da Zerain. 70eko urteetan hasi ziren gaur egungo Zerain sortzeko urratsak egiten. Biztanle kopuruaren jaitsiera eteteko eta herria bizirik mantentzeko “zerbait” egin behar zela erabaki zuten —560 biztanle zeuzkan 1910ean, 236 soilik 1994an, eta 258 iaz—. Hala, hainbat neurri jarri zituzten martxan herritarren kontzientzia indartzeko eta bizitza kalitatea hobetzeko helburuarekin: etxebizitzen kooperatiba sortzea, herri eskola berreskuratzea, kultura taldea osatzea, eta auzolana berreskuratu eta bideratzea.
1985-1990ean,berriz, herriko ondare materiala berreskuratzen eta berriztatzen hasi ziren. Hala, herriko ondare etnografikoa biltzen duen Herri Museoa sortu zuten 90eko urteetan, auzolanean. Zeraingo herri garapeneko proiektua Paisaia Kulturala izenarekin bataiatu zuten jarraian, paisaiak eta kulturak bat egiten baitute Zerainen.
Lan horri guztiari esker, Zerainen eta zeraindarren mendeetako historia bertatik bertara ikus eta ezagut daiteke gaur egun ere. Burdinaren mendia, Larraondoko zerrategia eta 1711ko kartzela dira adibiderik garbienak. Ondarea berreskuratzeko lan horretan, Errementari etxea berritzea dute hurrengo erronka nagusia, udalaren esanetan: “Udalarena da; aldundiaren diru laguntzarekin erosi zuten. Proiektua egin bai, baina, 2007-2008ko krisiarekin, bere horretan gelditu zen proiektua. Diru asko behar da proiektu hori gauzatzeko, eta beste dimentsio bat ematen ari gara orain”.
Ondareaz gain, bi sagardotegi, bi taberna, aterpetxea, pilotaleku estalia eta bolatokia ere badituzte herrian, eta, turismo bulegoak emandako datuen arabera, urtean 15.000 bisitari inguru izaten ditu Zerainek, paisaiaz, kulturaz eta ondareaz gozatzeko.
Herriaren etorkizuna bermatzen jarraitze aldera, gazteentzako alokairuzko etxebizitzak egitea da udalaren erronketako bat. Alkateak emandako datuen arabera, 2000. urtetik 23 gazte joan dira Zeraindik inguruko beste herriren batera herrian bertan etxebizitzarik ez zegoelako. Gazteenen beharrak ezagutzeko inkesta bat egin zuten herriko eta eskualdeko gazteen artean, eta, erantzun horien arabera, gazteak prest leudeke Zerainen bizitzeko, “300 euro inguruko alokairuaren truke”. Era berean, gazteen emantzipazioa bultzatu nahi dute proiektuarekin. “Zortzi etxebizitza egiteko proiektua lantzen ari gara Mutiloara joateko biribilgunearen ondoan. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saileko arduradunekin bilerak egiten ari gara, eta gustatu zaie proiektua. Diru laguntzak eskatzen ari gara orain”. Behin gazteak erakarrita, bigarren zatia ere izango luke etxebizitzen proiektu horrek: Zerainen bertan bizitzen gelditzea erabakitzen dutenentzat etxebizitzak egitea. Horretarako aukera badago, hirigintza plana egin zutelako 2009an eta beste hiru lur eremu ere badaudelako etxebizitzak eraikitzeko.
Euskara ikasteko eskolak
Zerainen jaiotakoak ez diren hainbat herritar iritsi dira azken hilabeteetan. “Geldituta egon da herriko jarduna, baina, azkenaldian, baserriak saltzen eta berritzen hasi dira berriz ere”. Alkatearen hitzetan, besteak beste lau espainiar iritsi dira herrira, eta, aspaldiko partez, euskara ikasteko eskolak ematen ari dira Zerainen, AEK euskaltegiarekin elkarlanean. “Dohainik dira eskola horiek”. Zerbitzuei dagokienez, herri txikia izan arren, “ia zerbitzu guztiak” dituztela azpimarratu du alkateak: herri eskola, haur eskola, mediku kontsulta, denda…
Ekitaldiei dagokienez, herri bizia da Zerain. Abuztuaren 15aren bueltan ospatzen dituzte festak; maiatzean, kultur astea eta San Isidro eguna izaten dituzte; apiril-maiatzean,
Bertso txiki, saio handi bertso txapelketa; eta, irailean, azoka ekologikoa. Bitxikerien artean, bola jokorako zaletasun handia dago herrian; Garbiñe Alustiza da Gipuzkoako Bola eta Toka Federazioko lehendakaria.