Ekologikoaren igoera aztergai
Produktu ekologikoek Goierrin izan duten zabalkundearen zergatia ikertu du Mikel Mongelos ordiziarrak tesian.
Gero eta handiagoa da elikadurak osasunean duen eraginaren gaineko kezka. ...
Produktu ekologikoek Goierrin izan duten zabalkundearen zergatia ikertu du Mikel Mongelos ordiziarrak tesian.
Gero eta handiagoa da elikadurak osasunean duen eraginaren gaineko kezka. Produktu ekologikoen ekoizle eta kontsumitzaile kopuruak ere gora egin du azken urteetan. Denda ekologikoak, supermerkatuetako atal bereziak, kontsumo taldeak… Aukerak ere gero eta zabalagoak dira. Igoera horren inguruko ikerketa egin du Mikel Mongelos antropologia ikasle ordiziarrak. Jendea produktu ekologikoen inguruko kontzientzia hartzen ari dela uste du, nahiz eta horien kontsumoak ardura bat hartzea eskatzen duen.
Antropologia ikasketen azken urtean, tesia egiteko gaia aukeratzen utzi zioten Mongelosi. Aurretik bazuen produktu ekologikoekin harremana, Donostiako Haziera elkartean egin baitzituen praktikak. Inguruan sumatzen zuen «produktu ekologikoen kontsumoan gorakada bat» izan dela, eta gaiari heltzea erabaki zuen. Ikerketa hori, datu kuantitatiboetan oinarritutakoa baino gehiago, kualitatiboa izan da berea, eta kaleko lanari eman dio garrantzia.?Hala, produktu ekologikoen bi ekoizlerekin eta janari ekologikoen dendari batekin elkarrizketak egin eta kontsumitzaileen arteko talde eztabaida bat egin ditu, gaiaren inguruko ikuspegi ezberdinak jorratu nahian.
Kontsumitzaileen iritzia
Produktu ekologikoen kontsumitzaileei, aukera horren arrazoiaren inguruan galdetu zien Mongelosek. «Nire galdera zen zergatik kontsumitzen den produktu ekologikoa. Gaur egun denok gara kontsumitzaileak, eta uste dugu produktu bat hautatzen dugunean ez dugula ausaz egiten. Kontsumo bakoitzaren atzetik aukera bat dago, eta aukera horren atzetik arrazoi bat, kontzientea edo inkontzientea izan. Eta arrazoi hori bilatu nahi nuen». Gehienen erantzuna, osasunaren ingurruko kezka izan da. «Kontsumitzaile guztientzat osasuna da arrazoi nagusietako bat, gehien baloratzen dena. Gizartean osasuna garrantzia handia hartu duen zerbait da». Produktu ekologikoen kontsumoa betidanik egon da osasunari lotuta. «Hasiera batean produktu ekologikoen kontsumoa gaixotasunei lotuta zegoen; hori zen hasierako perfila».?Orain ordea, norberaren eta familiaren osasuna zaintzea prebentzio moduan hartzen da, elikaduraren bitartez.
«Kontsumoaren atzetik aukera bat dago, eta aukera horren atzetik arrazoi bat»
«Taldeetako kontsumitzaileen profila konprometituagoa da, beste kontsumo eredu bat da, gizartea ez baitago horretara ohituta»
Mikel Mongelos, Antropologia ikaslea
Kontsumo ekologikoa aukeratzeko arrazoien artean, beste bat ere bilatu du: «Badago sektore bat produktu ekologikoak militantziaz edo ideologia politikoagatik aukeratzen dituena». Ekologistak edo ezkerreko jendea da batez ere. «Gaur egungo ekoizpen eredu nagusiak monolaborantzan oinarritzen dira, masiboki ekoitzitakoak eta kanpotik ekarriak». Horren aurrean «kontsumo ere- duarekin kontzientea den jendea» dela dio, eta «gertutasuna» baloratzen duena.
Identitateari lotutako kontsumo bat ere atzeman du Mongelosek bere ikerketan. «Goierrin eta Euskal Herri osoan kulturalki edo tradizionalki lotura handia izan da baserriarekin eta nekazaritzarekin. Barruan dugun zerbait da eta hori argi ikusten da». Jende horrentzat produktu ekologikoak kontsumitzea «mundu horretara gerturatzeko modua» dela dio.
Merkaturatzeko bideak
Elikadura ekologikoaren gorakada ulertzeko, ekoizleen iritzia eta beraien produktuak saltzeko erabiltzen dituzten bideak ere aztertu ditu Mongelosek. Merkaturatzeko bideei dagokionean, bost salmenta sare identifikatu ditu: denda ekologikoak, kontsumo taldeak, supermerkatuetako ekologikoen atala, azoka eta Internet. Baina batez ere lehen bietan zentratu da, «interesgarrienak eta potentzial gehiena dutenak» eta bertako nekazariek gehien erabiltzen dituztenak direlako.
Nekazari batzuek badituzte harremanak inguruko janari dendekin edo denda ekologikoekin. Baina askok, zuzeneko salmentaren aldeko hautua egiten dute, herrietan kontsumo taldeak osatuz. Kuota baten truke, kontsumitzaileak astero produktu ekologikoen saski bat jasotzen du. Bezeroei baserria eta lan egiteko modua ezagutzeko aukera ere ematen diete, eta horrek «fidagarritasuna» ematen duela azaldu du Mongelosek. Era berean, nekazarientzat beraien produktuak merkaturatzeko modu ona da, beraiei ere «ziurtasun bat» ematen dielako.
Dendan erosten dutenen aldean, taldeetako kontsumitzaileen profila «konprometituagoa» dela dio. «Beste kontsumo eredu bat da, gizartea ez baitago horretara ohituta». Supermerkatura joan eta «edozein garaitan edozein produktu» eros daitekeela dio. «Salmenta zuzenak beste eredu bat du, garaian garaikoa kontsumitzea eskatzen du, eta konpromiso bat eroslearen aldetik».
Konpromiso mota hori duen jendea badago ere, gizartean kontzientzia zabaldu beharra dago oraindik. «Pentsatu nahi nuke baietz. Gero eta gehiagora doala, hori baita irtenbidea. Supermerkatuetako eredua ez da sustengarria». Hala ere, baikor izan nahi du. «Nik uste dut jendea kontzientzia hori hartzen ari dela, edo hartuko duela».