Nazioarte mailako lau abesbatzen kontzertuak izango dira Ordizian eta Beasainen
Goierriko musikazaleek hitzordu berezia dute aste honetan, izan ere, Ordiziako Nazioarteko Abesbatzen Jaialdia bihar, asteartea, hasiko baita eta Beasainen, Igartza Musika zikloaren barruan, kontzertua antolatu dute. Kultura tradizio desberdinetako ahots taldeak entzuteko aukera izango da beraz, hurrengo egunetan. Kalitate handiko hiru talde ekarriko ditu jaialdiak Ordiziara, udaleko kultura sailak antolatuta. Kontzertuak, Ordiziako parrokian burutuko dira, 20:00etan. Beasainen, Igartza jauregian izango da emanaldia, bihar, 20:00etan baita ere. Tolosako abesbatza lehiaketan parte hartzeko etorritako taldeak dira guztiak.
Letoniatik etorritakoa da Maska abesbatza eta beraiek irekiko dute bihar, Ordiziako jaialdia. 22 emakumek eta 18 gizonek osatutarik, xarma, estilo eta musikaltasun aparteko taldea da. 2000. urtean sortu zenetik, Janis Ozols izan dute buru eta zuzendari. Atzerrian lortu zuen lehenengo arrakasta garrantzitsua, Tonnen 2000 kantu koralaren nazioarteko lehiaketan izan zen. Letoniako hainbat txapelketetan ere sariak irabazitakoa da; Ruga eskualdeko abesbatza onenari saria jasotzeaz gain, Letoniako hiri abesbatza hoberenari saria ere eraman zuen, Latvian Song and dance festival jaialdian.
Bihar, Beasainen, Ensamble Vocal Camara 21 taldeak abestuko du. Argentinatik datorren talde hau, 2006. urtean sortutako da. Miguel Angel Pesce da zuzendaria eta estilo zabala lantzen du. Taldekideak gazteak diren arren, ahotsaren arloan formakuntza eta esperientzia handikoak dira. Nazioarte mailan abesbatzen txapelketa askotan parte hartu eta sariak irabazitakoak izateaz gain, hainbat diska ere grabatu dituzte. Azkena, 2015ean argitaratu zuten, taldearen 10. urteurrenarekin batera.
Asteazkenean, Komorni Zbor KGBL abesbatzaren txanda izango da. Esloveniatik datorren taldea, ganbera abesbatza da eta 35 kidek osatzen dute, 18 emakumek eta 17 gizonek. Abeslariak, musika akademiako ikasleak dira, baita formakuntza amaituta, musika akademian edo beste fakultate batzuetan beren ibilbidea egiten jarraitzen duten hainbat kide ere baditu. Talde honen helburua, abeslarien xede artistikoak betetzea da eta askotariko estilo eta generoetako literatura korala lantzen dute, hasi berpizkundekotik eta gaur eguneraino. Abesbatza honek, arreta berrezia jartzen dio esloveniar konpositoreen obrak aurkezteari, belaunaldi gazteen lanak barne.
Eta aurtengo jaialdiari amaiera emateko, ostegunean, Indonesiatik etorritako, The Resonanz Children Choir abesbatzaren emanaldia izango da. Abesbatza honek Jakarta du egoitza bezala eta haur gehienak, Avip Priatna maisuak zuzentzen duen Resonanz musika eskolako ikasleak dira. Avip-ek, 2007an sortu zuen abesbatza hau eta Devi Francisca da zuzendaria. Talde honek, nazioarteko hainbat lehiaketatan sariak irabazitakoa da.