Mikel Etxezarreta: «Produktuari ematen diogun mimoa eta eguneroko lana dira sekretua»
Urriko azken asteleheneko azoka berezia egin zuten atzo Gernika-Lumon. Ordiziakoaren atzetik, Euskal Herri mailako gazta txapelketarik garrantzitsuenetakoa egiten da bertan. Eta Olaberriako Aizpea gaztandegiak bigarren urtez jarraian irabazi du lehiaketa hori. Enkanteko prezioak gora egin du iazkoarekin alderatuta, eta Ramon Bilbao ardandegiak 6.500 euro ordaindu ditu (iaz 5.000 izan ziren). Busturialdeko Hitzak Mikel Etxezarretarekin hitz egin du, saria irabazi berritan:
Bigarren urtez jarraian zuena izan da Urriko Azken Asteleheneko gaztarik gozoena. Pozik egotekoa izango da.
Bai, hala da, oso pozik gaude. Guretzat oso garrantzitsua da Gernika-Lumoko azokan egotea. Lehendik ere badauzkagu lehenengo, bigarren eta hirugarren sariak. Denetara, Urriko Azken Asteleheneko bost sari dauzkagu.
Iaz, gazta onena zuena izanik, aurten gazta gehiago ekarri dituzue saltzeko?
Ehunka gazta ekarri ditugu, eta saria jaso aurretik nahiko ondo saltzen ibili gara. Ziurrenik gazta guztiak agortuta bueltatuko garela etxera.
Irabaztera etorri al zarete?
Ez. Asko gara gaur egun gazta ona egiten dugun ekoizleak. Esperantza beti egoten da, baina ez gatoz irabazteko helburuagaz. Hala ere, jakin badakigu, gazta on bategaz gatozela, orduan, esperantza izanik, zortea edukitzea da.
Iazkoaren antzeko gazta aurkeztu duzue?
Antzekoa da bai. Esan beharra daukat gure gaztak beti direla antzekoak. Ez ditugu gazta bereziak egiten txapelketetara aurkezteko. Saiatzen gara txapelketetarako moduko gaztak egiten egunero. Egunerokotasunak garrantzia handia dauka; esne garbia, artaldea apur bat zaindu, eta amaieran mimo apur bat.
Zein da sekretua?
Egunerokotasunean egindako lana eta produktuari ematen diogun mimoa baino ez.
Sariek lanean jarraitzeko indarra ematen al dizue?
Sariek beti ematen dute bizi apur bat eta lanean jarraitzeko gogoa. Azken finean, gure lanaren aitortza bat dira. Sariren baten ostean, gogotsuago ekiten diogu lanari.
Lan handia ematen al du gazta egiteak?
Bai, handia. Gazta egitearen prozesua hasi aurretik, artaldea zaindu beharra daukagu, eta horrek ere lan handia ematen du. Ondoren, egunerokotasunean gauza asko dauzkagu egiteko.