Herritarren proposamenak jasoko dituzte Urretxuko aurrekontuak osatzeko
Urretxuko gobernu taldeak prentsaurrekoa eman du 2018ko aurrekontuen prestaketa prozesua aurkezteko. Aurrekontuak abenduaren 21eko osoko bilkura onartzea espero dute. Irailean hasi ziren aurrekontuak prestatzen eta, ordutik, teknikariekin eta gainontzeko alderdiekin
Urretxuko gobernu taldeak prentsaurrekoa eman du 2018ko aurrekontuen prestaketa prozesua aurkezteko. Aurrekontuak abenduaren 21eko osoko bilkura onartzea espero dute.
Irailean hasi ziren aurrekontuak prestatzen eta, ordutik, teknikariekin eta gainontzeko alderdiekin hainbat bilera egin dituzte.
Aurten ere herritarrek beraien proposamenak aurkezteko aukera edukiko dute. Horretarako, hainbat bilera antolatu dituzte. Datorren astelehenean (12:00) Aparizio auzokoekin elkartuko dira; asteartean San Martinekoekin (17:00) eta aldapa eta alde zaharrekoekin (19:00); asteazkenean (18:00) Mundo Mejorrekoekin; ostegunean (18:00) Pagoeta eta Labeagakoekin, hilaren 14an (18:00) Santa Barbarakoekin; eta 15ean (18:00) Basagasti, Sorgintzulo eta Lilibasokoekin. Bilera guztiak udaletxeko bigarren solairuan izango dira.
Herritarrek proposamenak aurkezteko beste bide batzuk ere izango dituzte: posta elektronikoa (partaidetza@urretxu.eus), twitter (@Urretxuudala), facebook (www.facebook.com/urretxukoudala), telefonoa (943 03 80 88) eta kaleko buzoiak.
Jon Albisua zinegotziak iazko parte hartze prozesuaren balorazioa egin zuen. Herritarrek 138 proposamen aurkeztu zituztela esan zuen. «Auzo guztietan antzerako eskaerak egin zituzten. Herritarrek eskaera xumeak egiten dituzte. Ez zuten gauza garesti edo arrarorik eskatu», azaldu zuen.
Eskaeren %28 altzariekin, mantenu-lanekin eta argiteriarekin lotuta zeuden. Brigadakoek egin ahal dituzten lanak ziren. Bizikidetzarekin, mugikortasunarekin, aparkalekuekin, segurtasunarekin eta garbitasunarekin lotutako eskaerak ere aurkeztu zituzten.
Albisuak eskaera guztiak aztertu dituztela esan zuen. «Bakar bat ere ez da aztertu gabe gelditu eta guztiei erantzuna eman diegu. Hamabost egunean behin bildu gara herritarren proposamenak aztertzeko».
Eskaera ia guztiak ase dituzte. «Ekonomia, onura publikoa eta segurtasuna hartu ditugu aintzat batari edo besteari lehentasuna emateko orduan. Eskaeren %83 exekutatu dugu jada. Beste %13 egiten ari gara eta %4 ez dugu egingo eskaera horiek oso garestiak direlako.
Besteak beste, espaloi batzuk konpondu dituzte, Pagoeta auzoa berritu dute, seinale horizontalak margotu dituzte, aparkaleku batzuk berrantolatu dituzte… «Herritarrek beraien arazoak konpontzeko ahalegina egin dugula jabetzea nahi dugu. Eta aurtengo bileretan parte hartzera animatu nahi ditugu».
Igor Zubillaga zinegotziak, berriz, aurten egindako obra handien berri eman zuen eta datorren urtean egingo diren batzuk aurreratu zituen.
Udalak Labeaga aretoko ikus-entzunezko ekipoa aldatu du, pilotalekuko komunak egokitu ditu, Gazte Bidean lokaleko berokuntza sistema hobetu du, Sarralden entsegu lokalak egiten ari da, Beain eta Agerre baserrietako bideak konpondu ditu, edukiontzi batzuen kokapena hobetu du, Gainzurin eta Aparizion zebrabideak altxatu ditu, San Martin auzoko parkea estali du, Elizaldeko parkeko zorua aldatu du, Iparragirreren estatua txukundu du eta igerilekua berritzen ari da.
Urtea amaitu aurretik, Jauregi kaleko zorua aldatuko du mugikortasun arazoak dituztenek istripu gehiago izan ez ditzaten. Gainera, Pagoetako garajeen gainean dagoen parkeko zorua aldatu behar du. Zein material erabili aztertzen ari da, garajeetara urik pasa ez dadin. Eta Labeaga 30 eta 50 artean espaloia berrituko du.
Bestalde, lizeoaren ondoan, Kalerrota eta Labeaga lotuko dituen igogailu bat jartzeko asmoa du. Proiektua eskatu dute eta aurrekontua 200.000 euro ingurukoa izango da. Dirua dagoenean egingo da. Udala herrigunea eta goiko auzoak lotuko dituzten igogailuen kokapena ere aztertzen ari da.