ORE-k kluba hazteko asmoz abian duen lan estrategia aurkeztu du
Ordizia Rugby Elkarteak, esku artean duen proiektuaren berri eman du. Proiektu horren helburu nagusia, «kluba haztea» izango da, Ordizia Rugby Elkarteak jakinarazi duenez. Estrategia, «hiru esparrutan oinarritzen da; errendimenduan, garapenean eta sustapenean».
Errendimenduari dagokionez, ohorezko mailan dagoen taldearen emaitzei erreparatuko zaie. Emaitza horiek lortzeko, «entrenatzaile eta prestatzaile taldea indartu» nahi du klubak. Horrez gain, etxeko jokalariak «zelai barruan eta kanpoan ere erreferente» izan daitezen lan egingo dute. Hala ere, kanpotik etorritako jokalariak ez dituzte ahaztuko eta «goi mailako jokalariak kontratatzen lagunduko duen hautaketa prozesua ezarriko» dela adierazi dute.
Klubaren garapenerako, «jokalari eta entrenatzaileen etengabeko hobekuntza» landuko dutela esan dute. Hori horrela, «prestakuntza planak, eduki tekniko-taktikoak eta beste hainbat faktore oso kontutan» izango dituzte. Seven errugbia eta emakumeena ere, indartzeko asmoa du Ordiziako taldeak.
Azkenik eta sustapenaren atalean, eskualdeko eskolekin elkarlana bultzatuko dute; «errugbiaren presentzia areagotuz edota lehiaketa bat sortzen» besteak beste.