Pintxo lehiaketa eta Buzkantza Eguna igandean, Zumarragan
Zumarragan ere odolki mota bat izango da asteburuko protagonista nagusia: ardi odolarekin eta gantzarekin egiten den buzkantza hain zuzen ere. Urteroko moduan, azaroko lehen asteburuarekin, 15. pintxo lehiaketa eta Buzkantza
Zumarragan ere odolki mota bat izango da asteburuko protagonista nagusia: ardi odolarekin eta gantzarekin egiten den buzkantza hain zuzen ere. Urteroko moduan, azaroko lehen asteburuarekin, 15. pintxo lehiaketa eta Buzkantza Eguna ospatuko dituzte.
Pintxo lehiaketa bihar eta etzi egingo dute. Herriko hamabi tabernak parte hartuko dute: Alaska, Alexander, Berri, Bidezar, Bordatxo, Hirukia, Iburreta, Monterrey, Saski, Txanpon, Xaloa eta Ziaboga.
Buzkantzarekin egindako pintxo bana aurkeztuko dute lehiaketara eta ostiralean eta larunbatean herritarrek eta Zumarragara gerturatzen direnek pintxo hauek dastatzeko aukera edukiko dute. Bihar 19:00etatik 21:00etara eta etzi 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 21:00etara.
Pintxoak dastatzen dituzten herritarren artean bi pertsonentzako afaria zozkatuko da. Parte-hartze txartela ostalariek emango dute pintxoa erositakoan. Sari banaketa ekitaldia igandean izango da, 12:15ean, Zumarragako udaletxeko arkupeetan.
Igandean 35. Buzkantza Eguna ospatuko dute, Jose Maria Busca Isusiren 22.a. 11:00etatik 14:00etara buzkantza dastaketa eta salmenta egongo dira Zumarragako plazan. Baita haurrentzako tailerrak eta eskulan erakusketa ere.
Aizkolariak
12:15ean pintxo lehiaketako sariak banatuko dituzte eta bi lagunentzako afaria zozkatuko dute. Bukatzeko, 12:30ean herri kirol desafioa egongo da. Iñaki Azurmendi eta Julen Aranberri (Elorriaga II.a) aizkolariak, Xabier Zaldua eta Aratz Mugertzaren aurka arituko dira.