
Ohorezko ligako talde historikoetako bat da Complutense Cisneros. Talde madrildarra ez da bere boladarik onena pasatzen ari, partida bakarra irabazi dute aurten. Horrek ordea, ez dio meriturik kentzen ordiziarren lanari, etxetik kanpo garaipen landua lortu baitzuten atzo. Liga gorabehera handiekin hasi bazuten ere, egoerari buelta ematen jakin dute, eta play offetako postuetan daude dagoeneko.
Etxekoak ordea indarrean atera ziren zelaira, eta 3. minutuan egin zuten aurreneko entsegua. Zaplaztekoari ondo erantzun zioten ordea; erreakzionatu eta ordiziarrek 8. eta 10. minutuetan gauzatutako zigor kolpe banari esker, markagailuan aurretik jarrai ziren.
Etxekoek bigarren entsegua egin zuten 23. minutuan, nahiz eta ez zuten kolpea gauzatu. Aurreneko zatia oso parekatua izan zen, eta etxekoek hainbat minutuz aurretik egotea lortu bazuten ere, ordiziarrek behin eta berriz markagailua beraien aldera eramatea lortzen zuten. Hala gertatu zen atsedenaren aurretik; etxekoek beste zigor kolpe bat gauzatu zuten, baina ordiziarrek beste hiru lortu zituzten, eta 13-15 aurretik joan zirela heldu ziren atsedenera.
Bigarren zatia ere antzera hasi zen. Etxekoek entsegua egin eta aurretik jarri ziren berriz ere. Ordiziarrek ordea, beste zigor kolpe bat eta entsegua egin zituzten; ordiziarren aurreneko entsegua Imanol Iruiarrizek lortu zuen, 53. minutuan. Handik aurrera Ampokoen nagusitasuna gailentzen joan zen, hamabost puntuko errenta (20-35) lortuz. Etxekoek, azken ahaleginean, beste entsegu bat egin zuten, baina 25-35ean gelditu zen markagailua.
Datorren astean etxean jokatuko dute, baina ez da partida erraza izango, VRAC Quesos Entrepinares taldea etorriko baita Altamirara. Liga irabazteko faboritoetako bat da Valladolideko taldea; orain arte, ez dute partida bakar bat galdu.