Errigora ekimeneko kaxak erostearen garrantziaz ohartarazi dute, euskalgintzari laguntzeko
Astebete falta da Errigora ekimeneko euskal produktu kaxak eskatzeko. Azaroaren 14ra arte egin litezke eskariak, Goierriko herri guztietan edo Interneten (errigora.eus). Gabonen aurretik banatuko dituzte. Bi motatako kaxak erosi ahalko dira aurten ere: zuria ala beltza. 13na produktu dituzte, Nafarroako Erriberan ekoitziak eta landuak. 50 euro kostatzen da.
Kalitate goreneko euskal produktuak eskuratzeaz gain, bertako nekazaritza, elikadura-burujabetza eta lan eredu bat ere babesten ditu Errigorak. Horrez gain, Nafarroa hegoaldeko euskalgintzari laguntzeko modua ere bada. Jasotako diruaren %25 Erriberako euskalgintzari bideratuko diote. Viana, Lodosa eta Tuterako ikastolek bizirauteko beharrezkoa duten diru iturri bat izango da; Erriberako AEK-ri eta eremu hartan ikastetxeetan D hizkuntza-eredua zabaltzeari ere emango diote.
Lazkaon gaur eguerdian egin dute Errigoraren eskualdeko aurkezpena. Herriz herri darabilten karpa plazaren erdian muntatu, eta Goierriko eskualdean lantegietatik jasotzen duten babesa goraipatu dute. Izan ere, gabonetako aginaldo modura Errigoraren saskia langileei ematen geroz eta enpresa eta erakunde gehiago ari dira. Iaz, “ia 2.000 saski” erosi zituzten goierritarrek. Gaur Expres enpresak kolaboratzen du logistika arloan, Segurako pabiloian biltegia utzita. Kamioi bat oso-osorik Goierrira ekartzea lortu nahi da aurten ere.