
Urtetako ohitura jarraituz, Ordiziako Argi Berri elkartean talo eta gaztaina jana egin dute asteburuan. Badira 30 bat urte azaro aldera ospakizun hori egiten dutela, eta 200 bat lagun biltzen dira elkartean. Aurtengoa ere “oso arrakastatsua” izan dela azaldu dute, eta antolatzaileak “oso pozik” gelditu dira emaitzarekin.
Guztira 35 bat kilo gaztaina erre eta jan zituzten. Normalean Ponferradatik (Gaztela Leon, Espainia) ekartzen badituzte ere, aurten eguraldiaren eragina dela eta, ezin izan dituzte kalitate onekoak bildu, eta Ourensetik (Galiza) ekarri dituzte. Astearen erdi aldera koskatu eta gatza emanda uzten dituzte, eta larunbatean erre zituzten.
Taloetarako berriz, Lazkaotik ekartzen dute irina, aurten 8 kilo. Horrekin, gutxi gorabehera 150 bat talo egiten dituzte. Txorizoa, hirugiharra eta gaztarekin nahiz txokolatearekin jaten dituzte gero. Zeliakoentzat egokitutako taloak ere eman dituzte aurten.
Itsasondon gaztaina jana
Ordizian ez ezik, Itsasondon ere egin dute gaztaina jana asteburuan. Plazan ziren egitekoak, baina eguraldiak laguntzen ez zuela ikusita, frontoian egitea erabaki zuten. Aurrena, umeentzako filme bat eman zuten kultur etxean. Bitartean, herriko plazan suak piztu zituzten, eta 19:00ak alderako prest ziren gaztainak. Hotza eta euria eginagatik, jende mordoxka bildu zen suaren epelean. Gaztainekin batera, txorizo eta txokolate pintxoak jan zituzten, sagardoarekin eta ardoarekin lagunduta.