Hamalau ostiraletan eta larunbatetan egingo dute modu intentsiboan Legazpiko Kultur Etxean
Azken bi urteetan saiakera bat baino gehiago egon den arren, ez da aisialdiko begirale ikastarorik antolatu Legazpin. Orain antolatzea lortu dute eta izena emateko azken egunak dira gaur eta bihar. Izena emateko udaletxeko harrerara jo behar da. Herritarrentzako Arreta Bulegoaren ordutgia 07:30etik 15:00etara da eta izena ematerakoan inprimakia beteta, NANaren kopia eta argazki bat eraman beharko dute atzetik izena eta abizenak idatzita dituena.
Eusko Jaurlaritzak egingo duen Haur eta Gazteen Aisialdirako Begiralea titulua lortzeko ikastaroa da hain zuzen. 150 ordu teoriko eta 160 ordu praktiko izango ditu. Urtxintxa aisialdi eskolak eskainiko du eta euskaraz izango da. Legazpiko Kultur Etxean egingo dute. Izena ematen duten gazteek 18 urte izango dituzte edota datorren urtean beteko dituzte. Matrikula 420 eurokoa da eta prezio horren barruan ez da sartzen aterperaino joateko garraio-gastuak. Izan ere, ikastaroaren baitan Gabonetan bi egunez eta martxoan asteburu batez aterpean egingo dute ikastaroa. Bestelakoan hamalau ostiraletan (17:30-20:30) eta larunbatetan (09:00-15:00) izango dira eskolak.
Legazpiko Udalak antolatzen duen zazpigarren begirale ikastaroa da; hiru Zumarragako eta Urretxuko udalekin batera egin ditu eta beste bat Beasaingo Udala ere batu zen ikastaroaren antolaketara.