Artzai Gazta Elkarteak 'Q de Quesos' saria jaso du Madrilen
International Cheese Festival jaialdia Donostian antolatu zutenetik urtebete eskas pasa denean, Artzai Gazta elkarteak sari garrantzitsu bat jaso du, gaztarekin eta artzainekin egiten ari den lana aitortuz. Madrilen egiten den Q de Quesos jardunaldian jaso dute. Gaztaren munduan jarduten duten enpresa, erakunde eta pertsonen lana aitortzen du sari horrek; epaimahaia nekazaritzako eta elikagaien sektoreko ordezkariek osatzen dute, eta aurten, Artzai Gazta Elkartea izan da hautatua. Elkartea “gaztarekin eta artzainekin” egiten ari den lana eta “beraien eredua beste ekoizleei, gazta zalei eta gizarteari nola azaleratu dieten” izan da epaimahaiak gehien baloratu duena.
International Cheese Festival jaialdiak esne gordineko gaztak egiten dituzten ekoizleentzat izan zuen garrantzia eta jaialdiak izandako sona ere azpimarratu dituzte saria ematerakoan, baita antolakuntzak egindako lan ona ere. Ekoizle txikien lana balioan jarri zutela uste du epaimahaiak, “ekoizleen, erakunde publiko-pribatuen, erakunde zientifikoen eta goi mailako gastronomiaren artean sortutako sinergiei esker”.
Artzai Gazta elkarteak bere poza agertu du jasotako saria dela eta. “Ilusio berezia egiten du garrantzia horretako profesionalek Artzai Gazta Elkarteko taldean dagoen talentua ikusi eta goraipatzeak”. Artzai Gazta elkartea “landa garapenerako motorra” bihurtu dela azaldu dute, eta “bokazioz lokala baina inoiz baino gehiago estatuko eta nazioarteko aitorpena” duen elkartea dela.
Hogeita hamabost urtez lanean
Artzai Gazta elkarteak azken urteetan hartu du sonarik handiena, baina haien lana atzetik dator. 1980ko hamarkadaren erdialdean hasi ziren artzainak elkartzen. Modu artisauan eta latxa ardien esne gordinez ekoizten zuten gaztaren kalitatea hobetu eta produktuaren nortasuna aldarrikatu nahi zuten. Hala sortu zen Artzai Gazta Elkartea. Ohituran, naturan eta kulturan oinarritutako filosofia defendatu dute hasieratik.
Gaur gaurkoz, Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaiko 107 artzain gaztagilek osatzen dute elkartea. Idiazabal Jatorri Izendapeneko gaztaren %80 ekoizten dute elkarteko kideek. Egoitza nagusia Idiazabalen du elkarteak.