CAF-ek Zeelanda Berrirako 15 unitate elektriko egiteko kontratua sinatu du
Beasaingo CAF tren konpainiak nazioarteko beste kontratu bat itxi berri du. Zeelanda Berriko Auckland hirirako 15 tren unitate elektriko egingo ditu, 100 milioi euroren truke; zortzi urteko mantenua ere jasotzen du kontratuak.
Hiri horretarako CAFek sinatu duen bigarren kontratua da. Izan ere, 2011. urtean 57 unitate elektriko egin eta 12 urtez mantentze lanak egitea adostu zuten. Unitate horiek 2014. urtean jarri zituzten martxan, eta harrezkero 11 milioi kilometrotik gora egin dituzte. Auckland Transport konpainiak 20 milioi bidaiariren kopurura iritsi da aurten, eta egunero 113.000 lagunek erabiltzen dute. Orain egingo dituzten unitate berriek, Zeelanda Berriko hiriko trenbide sarearen eskaerak izan duen gorakadari aurre egiteko balioko du.
Unitate berriak orain arte Aucklanderako egindakoen antzekoak izango dira. Hiru kotxe , kabina duten muturretako bi kotxe motor eta atoia duen tarteko beste kotxe bat izango dituzte, eta denera 380 bidaiari har ditzakete. Tarteko kotxi hori zoru baxukoa da, mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzako egokitua.
Bost kontinentetan
Proiektu horrek CAFek nazioartekotzeko egin duen estrategian pauso berri bat ematea dakar. Dagoeneko bost kontinentetan ari dira proiektuak garatzen. Aucklanden bere presentzia sendotzeaz gain, mundu mailako hiri garrantzitsu askotarako proiektuak ari da gauzatzen; horien artean daude Erroma, Brusela, Washington, Hong Kong, Sidney, Mexiko DF, Madril, Friburgo, Helsinki, Istanbul, Sao Paulo, Txileko Santiago edo Aljer, besteak beste.