Aldundiko eta udaleko ordezkariek N-1eko zaraten arazoaz hitz egin dute bizilagunekin
N-1 errepideak sortzen dituen zaraten arazoa zeresan ugari ematen ari da azkenaldian. Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak Beasainen izan ziren astelehenean, eta udaleko ordezkariekin eta Zaldizurreta eta Trenbide kaleetako bizilagunekin bildu ziren.
Trenbide kalearen kasuan, Gruas Usabiagatik Zumadi industrialdeko irteerara bitartean, 288 metroko zatian zarata gutxitzeko pantailak jarriko dituzte. Lanak urtea bukatu aurretik hasi nahi dituzte.
Zaldizurreta kaleari dagokionean berriz, kokapena dela eta dauden zailtasun teknikoen berri eman zieten aldundiko ordezkariek bizilagunei. Izan ere, trenbidetik hain gertu egonda, ez dago pantailak behar bezala jartzen adinako tokirik. Dena dela, “irtenbide eraginkorrak” aztertzen jarraitzeko konpromisoa agertu dute.
Udala, bere partetik, “beharrezkoa izanez gero diru-laguntza lerroa” martxan jartzeko aukera aztertzeko prest agertu da. Zentzu horretan, “herritarren bizi kalitatea hobetuko duten ekintzak” aurrera eramateko eta “gertutasunetik eta modu zuzenean beharrezkoak diren azalpenak” konpromisoa berretsi du.