Uda bitartean itxita egon da tarte batez Legazpiko Gaztetxea eta puntualki ireki dute soilik. Udako irekierak izan zuen harrera onaren ondoren, berriro, egunero-egunero irekitzea erabaki dute
Aurreko asteburuan Legazpiko Gaztetxea berriro ireki dutela ospatzeko festa egin zuten. Giro onean egin zuten ospakizuna eta nahikotxo jende elkartu zela esan dute Gaztetxetik. Udan etenaldi baten ondoren berriz ireki zuten, eta baita Legazpiko gazteen gaztetxe gogoa neurtu ere. Erantzuna ona izan zen eta erantzun horrek, hain justu, irekitzeko bultzada eman die; baita lantalde bat irekitzeko prest agertu dela ere. Dagoeneko zabalik dago. Astegunetan arratsaldez zein gauez, eta asteburuetan, ordutegia zabaldu eta larunbat gauak harrapatuko dituzte.
Sei lagunek hartu dute gaztetxeko barraren lema. Sei gazte horien adina 16 urtetik 25 urtera artekoa da. Bost mutilak dira eta neska bakarra dago. Gehienak ikasten ari dira, batzuk unibertsitatean, beste batzuk ikasle «normalak» direla diote barre artean, eta lanean dagoenik ere badago.
Taberna bat baino gehiago
Taberna kudeatuko duen lantaldeak Legazpiko Gazte Asanbladako kideekin antolatuko dituzte gaztetxean egingo dituzten ekintzak. Esate baterako, hasiak dira ostiraletan abendura arte izango den bertsolaritza tailerrarekin. Igandeetan dokumentalak emateko aukera ere aipatu dute gaztetxeko mahaiaren bueltan jarri diren lantaldeko kideek. Igandeetako dokumentalei eta abar bat gehitu diete ekintza gehiago egiteko asmoa dutela nabarmenduz. Zalantzarik ez dute agertu, ostiraleko pintxo potea egiten jarraitzeko asmoa daukate.
Izan ere, ez dute nahi gaztetxea taberna soila izatea, gaztetxe bat nahi dute. Horrez gain, gazteak erakarri nahi dituzte, baita gaztetxera joateko ohiturarik ez duten gazteak ere, eta hori, diotenez, udako irekierarekin lortu zuten nonbait. Udan lanean aritu zen lantaldeak gazteengan gaztetxearekiko premia sortu nahi zutela esan zuten.
Orain gazteen erantzuna behar dute, gaztetxera joan daitezela eta handik antolatzen diren ekintzetan parte hartu dezatela taberna soila izan baino euren hitzetan «gaztetxe gaztetxe bat» izan dadin.