Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek 'Borobilean' ikuskizuna aurkeztu dute Legazpin
Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak ikuskizun berriarekin datoz. Bihar egingo dute aurkezpen ofiziala, baina urteroko moduan, Legazpiko ikastetxeetako umeen aurrean egin dute aurrestreinaldiko saioa. Bostehun umetik gora bildu dira denera; goizeko saioan 251 ikasle elkartu dira, eta arratsaldekoan beste 288.
Borobilean izena du ikuskizunak, eta urteurren borobil batekin batera dator; izan ere, pailazoek 30 urte daramatzate eskenatokietan. Beste esanahi bat ere badu izenburuak; izan ere, pailazoak “borobilean” eseriko dira, “begiak eta bihotzak elkarri begira”. Arauen, antolaketaren eta norbere lekua bilatzearen inguruko gogoeta da Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek dakartena. Hala, etxean, eskolan, kalean edo lagunartean dauden arauen eta antolatzeko moduen inguruko gogoeta egingo dute. Minak eta desirak nola kontatu, errespetua landu eta erabakiak nola hartu landuko dute. Borobilean izenburupean, ikuskizunaz gain disko-liburua eta ipuinak ere argitaratuko dituzte.
Datozen egunetan hasita, asteburuero izango dituzte saioak. Goierrin lehena, abenduaren 23an Ordizian egingo dutena izango da. Urtero egiten dute saioa Eguberri inguruan Ordizian, Ipar Euskal Herriko ikastolen alde. Emanaldien agenda osoa, Katxiporreta webgunean dago ikusgai.