![Ekimen Ibiltaria, Olaberriako Arcelor Mittalen.](http://goierri.hitza.eus/site/files/2017/11/IMG-20171109-WA0002.jpg)
Ekimen Ibiltaria, Olaberriako Arcelor Mittalen.
‘Lan duina, bizi duina’ goiburupean Ekimen Ibiltaria egiten ari da LAB sindikatua Euskal Herriko herrietan eta eskualdeetan barrena; gaur, Goierrira iritsi da prekarietataren aurkako mezuak zabaltzen ari den furgoneta. Honela, “bizitzaren prekarizazioari aurre egin eta bizitza duinerako eskubidea erdigunean” jarri nahi ditu LAB sindikatuak; “bada garaia bizitzaren sostengarritasuna erdigunean jarriko duen eredua eraikitzeko”, gaineratu du.
Goizeko lehenengo orduan, Beasaingo Seaska haur eskolan, eta Olaberriako Arcelor Mittalen eta Carrefourren, eta Sasietan izan dira; eta eguerdi aldera, Zumarragako Goiz Ikuztegira eta Ospitalera joango dira.
“Prekarietatean bizitzera kondenatu nahi gaituzte, baina hori ez da normala, badago nahikoa diru guztioi bizitza duina bermatzeko”. Era horretan, “borrokara batzeko eskaintza” egiten du LABek, “aktibatu eta mobilizatu behar dugu”. Era berean, “langile klaseari bere osotasunean irtenbideak eskani” nahi dizkio sindikatu abertzaleak: “Proposamenak baditugu eta kolektibo ezberdinei LABekin borrokara batzeko eskaintza luzatu nahi diegu ekimen ibiltariarekin”.
Arratsaldean, Urretxu-Zumarragan
Arratsaldean Areizaga-Kalebarren plazara joango dira. Bertan, 17:30ean, informazio gune bat irekiko dute hiru posturekin.
18:00etatik aurrera altxorraren bila jolasean arituko dira: bi herrietako toki ezberdinetara joango dira prekarietatea salatzera.
Plazan hizlari bat jarriko dute eta berak gidatuko du jolasa. Prekarietatearen adibide diren herriko toki ezberdinetara joango dira: Lanbide bulegoan langabezia salatuko dute, obra batean lan osasuna aldarrikatuko dute, emakumeen etxean feminismoa landuko dute, igandetan irekitzen duen denda batean jai egunak aldarrikatuko dituzte eta Telepizzan gazteek prekarietatea pairatzen dutela salatuko dute, besteak beste.
Toki bakoitzean puzzle zati bat hartuko dute eta zati horiek plazako horma batean jarriko dituzte. Amaieran LABen logo handi bat osatuko dute, sindikatu hau prekarietatetik ateratzeko altxorra dela aldarrikatzeko.