Jon Ander Albisuri inoizko kontratu luzeena egin dio Asegarcek, 2022ra arte
Ataungo San Martin jaietan bihar jokatuko du Jon Ander Albisuk (San Gregorio, Ataun, 1990), Arteaga II.a aurrean lagun duela, Artola-Larunberen aurka. Ospatzeko moduan da. Gaur, Asegarce enpresak kontratuan bost urterako luzapena egin diola iragarri du. 2022ra arte izango da Bilboko talde horretako pilotaria Albisu. Asegarcek sekula egin duen kontratu luzeena da.
2010eko uztailaren 3an egin zuen debuta profesionaletan, Tolosako Beotibarren. Hamabi urteko ibilbidea ziurtatuta dauka, kontratuari dagokionez. Zazpi urteotan, Albisuk 404 partida jokatu ditu denera; 195 irabazi ditu (%48,3), eta 209 galdu (%51,7). 2011n Bigarren Mailako binakako txapeldun izan zen, Olaetxearekin. 2013an, 1. Mailako txapeldunorde binakakoan, Berasaluze VIII.arekin (ez zen partida bukatu, Berasaluzek min hartu zuelako).