‘Printzesa eta ilarra’ ipuina eguneratu du Antxiñe Mendizabal idazleak
Antxiñe Mendizabal idazle zumarragarrak Hans Christian Andersenen Printzesa eta ilarra ipuina eguneratu du. Printzesa eta ergela izenburua jarri dio eta aste honetan aurkeztu du. Marrazkiak Mai Egurzak egin ditu. Jatorrizko
Antxiñe Mendizabal idazle zumarragarrak Hans Christian Andersenen Printzesa eta ilarra ipuina eguneratu du. Printzesa eta ergela izenburua jarri dio eta aste honetan aurkeztu du. Marrazkiak Mai Egurzak egin ditu.
Jatorrizko ipuinean printze bat emazte bila dabil eta hautagaiek proba bat pasa beharra dute. Mendizabalen ipuinean mutil bat da neskaren proba pasa beharra duena.
Ipuin honek besteen lekuan jartzeko gaitasunaz hitz egiten du, sentitzeko gaitasunaz. «Literatura klasikoan dagoen pertsonaiarik sentikorrenetako bat aukeratu dut. Printzesa bat, baina ez edozein printzesa. Sentikorrena. Printzesa eta ilarra ipuina berrirakurtzen baduzue, konturatuko zarete ez dela printzesen beste ipuin guztietan bezala bere edertasuna goraipatzen. Printzeak ez du bere edertasunagatik, aberastasunagatik edo nobleziagatik bilatzen, bere sentikortasunagatik baizik».
Mendizabalen ipuineko printzesak Kariñe du izena. Pertsonaia irudikatzeko, Andersenen arrastoari jarraitu dio. Kariñek aurpegia itsusten dion orban bat du, baina askok printzesa esaten diote. Sentikorra delako.
Ipuinean zehar Kariñe askotan jarriko da besteen lekuan. Hasteko, Eder defendatuko du. Gainontzeko mutilek baztertu egiten dute bere edertasunak eragiten dien arbuioagatik.
Erasotzaileei aurre egiteaz gain, beraien tokian jartzeko gai izango da. Beñatek (ergelak) aurpegia itsusten dion betazal erori bat du eta horrek zapuztu egiten du. Bere frustrazioak agintzaile eta erasotzaile bihurtzen du. Kariñek bere frustrazioa gainditzen lagunduko dio. Horretarako maitasunaz baliatuko da.
Amaieran, Kariñek Beñat beretzako moduko mutila den jakin nahi du. Andersenen ipuineko neskari bezala, ilarraren proba egingo dio. Koltxoi mordo baten azpian ilar bat jarriko du eta Beñat koltxoien gainean etzanaraziko du, ilarra antzemateko gai den jakiteko. Koltxoiak besteengandik bereizten gaituzten geruzak dira (gure egoa) eta ilarra gure benetako izatea.
Printzesak ez daude modan, baina Mendizabalek maite ditu. «Nik ere urte askotan gaitzetsi ditut, beraien benetako esanahia ezagutzen ez nuelako. Edertasunaren estereotipoaz harago, indartsuak, ausartak, azkarrak eta sentikorrak dira. Beraz, inork bihotzetik printzesa esaten badizue, ziur aski maitasuna adierazten ari zaizue, politikoki oso zuzena ez izan arren».