Aspanogiren aldeko laguntza ekimena bukatu dute Lazkaon, kirol erronkarekin
Urtebeteko eginahalaren ondotik, amaitutzat eman dute Lazkaoko herriak eta Ner Group enpresa elkargoak Aspanogiri laguntzeko hasi zuten proiektu solidarioa. Haur minbizidunen familien Gipuzkoako elkartearen alde, eta gaixotasuna gainditzeko ikerketarako, hainbat jarduera egin dituzte Lazkaon, tartean jaialdi erraldoia 2016ko uztailaren 2an. Orduan, eta NerGroupen ekarpen ekonomikoak osatuta, 25.289 euro bildu ziren. Biodonostia ikerkuntza zentroari eman zion Aspanogik diru hori, eta Idoia Garcia biologoa haur minbizia ikertzen ari da horri esker.
Gaur, Lazkaoko udaletxean, beste diru ekarpen bat egin diote lazkaotarrek Aspanogiri, 1.900 eurokoa. Kirol erronka bat hartu zuten beren gain iazko jaialdian, eta aurtengo uztailean bete dute. Joseba Arratibel eta Gorka Intxausti lazkaotarrek Roth-eko ironman proba bukatu zuten, Aspanogiren izenean eta elastikoarekin. Urtebetean, prestaketa modura, Aspanogiren lanaren berri zabaltzen eta kamisetak salduz dirua biltzen ere aritu dira; gaur emandako 1.900 euroak, hain justu.
Esker onez jaso du ekarpena Aspanogiko gizarte langile eta koordinatzaile Nekane Lekuonak. Elkarteko kide diren familientzat izango da, haurraren ospitaleratze garaiko gastuak eta bestelako oinarrizko arreta-zerbitzu batzuk arintzeko. “Maite dugu Lazkaoko herria”, esanez eskertu du ahalegina eta emaitza Lekuonak.