Aurten ere Gabonetako erakusleiho lehiaketa egingo dute
Lau urteko hutsunearen ondoren, iaz Urretxu eta Zumarragako erakusleiho lehiaketa berreskuratu zuten. Ekimena arrakastatsua izan zen eta aurten ere antolatzea erabaki dute. Lehiaketa atzo aurkeztu zuten Urretxuko udaletxean, bi herrietako
Lau urteko hutsunearen ondoren, iaz Urretxu eta Zumarragako erakusleiho lehiaketa berreskuratu zuten. Ekimena arrakastatsua izan zen eta aurten ere antolatzea erabaki dute. Lehiaketa atzo aurkeztu zuten Urretxuko udaletxean, bi herrietako alkateek. Alkateek bi herrietan 240 denda baino gehiago daudela eta guztiek parte hartu ahal dutela esan zuen. «Iaz oso gustura gelditu ginen. Merkatariak inplikatu egin ziren eta oso giro ona egon zen». Helburua bi herrietako merkataritza bultzatzea eta kaleak girotzea dela gehitu zuen. «Gabonak horretarako garai ona dira». Merkatari guztiak parte hartzera gonbidatu zituzten.
Parte hartu nahi dutenek hilaren 20tik 27ra eman behar dute izena, merkataritza bulego teknikoan: Urretxuko Domingo Mendiaraz plazan. Erakusleihoak abenduaren 11rako prest egon behar dira eta abenduaren 20a arte ikusgai egon behar dira. Epaimahaiak irudimena, originaltasuna, mezuaren eraginkortasuna, kalitate estetikoa eta dendako eta Gabonetako artikuluak erakustea baloratuko du. Hiru sari egongo dira. Irabazleak 200 euroko bonoa, diploma eta Bertatik Bertara saskia jasoko ditu, bigarrenak 100 euroko bonoa, diploma eta saskia eta hirugarrenak diploma eta saskia. Sari banaketa ekitaldia abenduaren 21ean izango da, 13:30ean, Antioko interpretazio zentroan.