Gipuzkoako Foru Aldundiaren Lurralde eta Mugikortasun diputatu Marisol Garmendia zaldibiarrak aste honetan Lazkaora egin duen bisitan, 2018rako bi egitasmo aurreratu ditu. Udal bidegorri-sarearen barruan, Goierrirako bi proiektu aurreikusi dituztela ir...
Lazkaoko bidegorri sarean egindako lana goraipatu dute aldundiko arduradunek. // Argazkia: Aimar Maiz
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Lurralde eta Mugikortasun diputatu Marisol Garmendia zaldibiarrak aste honetan Lazkaora egin duen bisitan, 2018rako bi egitasmo aurreratu ditu. Udal bidegorri-sarearen barruan, Goierrirako bi proiektu aurreikusi dituztela iragarri du.
Bat, Ezkion garatuko da. Anduaga-Santa Lutzia auzoan, Gi-2632 barne errepidean egiten ari diren birmoldaketen barruan, bidegorria ere luzatuko dute. Aurtengo urtearen bukaeran edo datorren urtean amaitzekoa da, Garmendiaren arabera.
Eskualdeko bigarren proiektua Ormaiztegi eta Gabiria artean izango da, Alegiako bailaran. Irizar autobus lantegiaren pareko errotondatik aurrera luzatuko dute bidegorria. Haraino egina dago. Alegia auzunea lotuko du azpiegitura berriak, 2018an.
Lazkaoko sarea, eredu
Garmendia diputatua astear-tean izan zen Lazkaon, San Inazioko zubi berritua ikusten. «Bizikletaren eta mugikortasun iraunkorraren aldeko apustua» sendotuko dutela iragarri zuen, 2018ko aurrekontuetan. Udal bidegorri sareetarako, bikoiztu egingo dute diru saila, aurtengo 75.000 eurotik 150.000era.
Lazkaoren bidegorri sarea goraipatu du Mugikortasun diputatuak: «Ez da hain normala Lazkao bezalako herri ertain batek ia 5 kilometroko udal bidegorri sarea izatea. Datorren urtean, Lazkaori ere emango diogu laguntza bat, beste zati bat jartzeko».
Felix Urkola alkateak argitu du 2005ean diseinatu zutela bidegorrien lehen plana. «Harrezkero, jarduera asko egin dira: Senperen azpiko pasabidea, Ordizia alderako adarra… Iturgaitzaga-Lazkaomendi lotunea eraiki da aurten. 1,3 kilometro bidegorri gehiago egin ditugu, eta lehengoak berritu. Herriek ere apustuak egin behar ditugu, inoren zain egon gabe. Hori bai, laguntzak ere behar dira», dio Urkolak.