Sanmartinak ospatuko dituzte Urretxun eta Aginaga auzoan
Urretxun eta Zumarragako Aginaga auzoan San Martin jaiak ospatuko dituzte. Urretxuko ekitaldiak bihar izango dira eta Aginagakoak, bihar eta etzi. Urretxuko lehen ekitaldia eguerdian izango da. Herritarrek euskal dantzak dantzatuko
Urretxun eta Zumarragako Aginaga auzoan San Martin jaiak ospatuko dituzte. Urretxuko ekitaldiak bihar izango dira eta Aginagakoak, bihar eta etzi.
Urretxuko lehen ekitaldia eguerdian izango da. Herritarrek euskal dantzak dantzatuko dituzte Jeiki Hadi musika taldearekin eta Zu Dantzaz dantza taldearekin, Areizaga-Kalebarren plazan. Eguraldi txarra egiten badu, ekitaldia Iparragirre plazako karpan egingo dute.
Jubilatuek ere San Martin ospatuko dute, Aterpe elkartean. 13:30ean odolki eta tripaki pintxoak dastatuko dituzte eta 17:00etan dantzaldia egongo da.
Arratsaldekoak
Arratsaldean Iparragirre plazan hainbat ekitaldi egongo dira. 17:00etan haurrentzako jolasak (kaskara-jokoa, sokatira, zaku lasterketa…) eta txokolatada egongo dira, 17:00etatik aurrera Martintxo txerria ikusgai egongo da eta bi urdaiazpikoren zozketarako txartelak salgai izango dira, 18:45etik 21:00etara odolki pintxo dastaketa egongo da (salgai) eta 21:00etan bi urdaiazpikoak zozkatuko dituzte.
Gainera, 19:30ean Iparragirre Balerdi musika tailerrak eta Lizarriturri txistulari elkarteak kalejira egingo dute. 20:30a inguruan San Martin auzoan joko dute eta ondoren Iparragirre plazara joango dira.
Gaztetxekoek ere ekitaldiak antolatu dituzte: 14:30ean bazkaria egongo da, ondoren Trivialera jokatuko dute eta 22:30ean kontzertuak egongo dira.
Aginagako festak
Aginaga auzoan bihar eta etzi ospatuko dituzte San Martin jaiak. Bihar, 10:00etan, kanpaiak joko dituzte, suziriak botako dituzte eta txalaparta joko dute jaiei hasiera emateko. 12:00etan meza egongo da, prozesioarekin. 13:00etan buzkantza eta gisatu dastaketa egongo da eta 14:30ean auzoko jubilatuek bazkaria egingo dute.
Arratsaldean ere ekitaldiak egongo dira. 17:00etarako haurrentzako jolasak antolatu dituzte eta ondoren txistorra eta txokolate jana egongo dira. Gainera, 18:30ean erromeria egongo da, Maria Lasa, Garazi Otaegi eta Olarte Anaiak trikitilariekin. Erromeria hau Irrintzi dantza taldeak antolatu du, bere 50. urteurreneko ekitaldien barne.
21:00etan, Oleta elkartean afaria egongo da nahi duten guztientzat. Ondoren, erromeria egingo dute goizalderarte.
Aginagara joateko autobus zerbitzua egongo da, doan. Autobusak 18:00etan eta 23:00etan irtengo dira, Elizkaletik. Itzulerako autobusak 21:30ean eta 02:30ean irtengo dira.
Igandean ere makina bat ekitaldi egongo da auzoan. 11:00etan meza egongo da. Ondoren, haurrek pilota partidak jokatuko dituzte. 13:00etan bertso saioa egongo da, Urretxu eta Zumarragako bertso eskolaren eskutik. Ondoren, Miren eta Agur trikitilariek joko dute. Bukatzeko, 14:30ean Oleta elkartean herri bazkaria egongo da, bertsolari eta trikitilariek alaituta. Nahi duten guztiak joan ahal izango dira. Bi egunetan Oleta elkarteak egun osoko zerbitzua eskainiko du.