Zegamako San Martin ferian, Munaingo Zabaletak rabazi du Aratz-Aizkorriko gazta txapelketa
San Martin eguna gaur, nekazaritza eta abeltzaintza azoka ospatzen ari dira Zegaman. Goizean ganadu erakusketak, artisautza salmentak, gazta eta baserriko produktuen postuak eta lehiaketak egin dituzte. Aratz-Aizkorriko 19. Gazta Txapelketa Munaingo (Donemiliaga, Araba) Zabaleta kooperatibak irabazi du (202 puntu); bigarren Patxi Lopez de Uralde larrearra geratu da (201 puntu), eta hirugarren Zeraingo Garoa artegia (186 puntu). Lehen bi gaztak dastaketa ofizialean berdinduta geratu dira puntuaketan, eta epaileek beste dastaketa berezi bat egin behar izan dute, bien artean.
Sei lagunek osatu dute epaimahaikoa, Jose Mari Uztarrotzen gainbegiradapean: Amaia Gorospe (Arkautiko nekazaritza-eskolako irakaslea eta ingeniari agronomoa, zegamarra), Pello Otaegi (Bartzelonako Unibetsitate Autonomoko irakaslea, zegamarra), Ibon Gaztañazpi (ETBko aurkezlea), Jon Bautista (Realeko jokalaria), eta Jose Ramon Agiriano eta Jesus Salmeron (Idiazabal Gaztaren dastaketa batzorde ofizialeko teknikariak).
Aratz-Aizkorri parke naturalean ibiltzen diren ardien 19 gazta aurkeztu dituzte lehiaketara. Bosgarren urtez jarraian, Araba aldeko gaztagileek irabazi dute sari nagusia.
Herriko ganadu lehiaketak
Toki-Alai pilotalekuaren inguruan, ganadu erakusketak eta bestelako postuak ere jarri dituzte. Zegamako ganadu lehiaketak ere egin dituzte, gaur. Irabazleak honakoak izan dira, sailez sail:
- Ardiak: Xabier Azurmendi.
- Bildotsak: Jose Migel Azurmendi (Uztaon).
- Ahuntzak: Ander Lasa (Koba).
- Antxumeak: June Lasa (Koba).
- Pirenaika behiak: Jose Inazio Labaka (Arretxe).
- Behi mestizoak: Juan Kruz Arrizabalaga (Arrietagarakoa).
- Behi suitzarrak: Juan Azurmendi (Uztaon).
- Zezenak: Andres Zabaleta (Irutxeta).
- Zaldiak: Jose Mari Azurmendi.
- Etxe-behorrak: Jabier Arrondo (Agiñaberri).
- Mendi-behorrak: Jose Domingo Ariztimuño.