Barkillogileak gogoan
Herriko jaiekin eta igandeekin lotuta egoten ziren garai batean barkillogileak. Txapazko ontziarekin ibiltzen ziren herriz herri. Beasainen bertan ere izan ziren bi barkillogile ...
Herriko jaiekin eta igandeekin lotuta egoten ziren garai batean barkillogileak. Txapazko ontziarekin ibiltzen ziren herriz herri. Beasainen bertan ere izan ziren bi barkillogile eta goxoki saltzaile: Andres Perez eta Jose Cea.
Josetxo Zufiaurre beasaindarrak Beasaingo garai bateko lanbideak liburua argitaratu berri du Beasaingo Paperak bildumaren barruan. Garai bateko 45 lanbide jaso ditu, batzuk galdutakoak, eta beste batzuk, denboran iraun dutenak. Horietako bat da barkillogilearen lanbidea.
Beste herri batzuetan bezala, lehendabizi kanpotik etortzen hasi ziren Beasainera festetan barkillogileak, pintatutako txapazko ontziarekin. Bere gainean, erruleta bat jartzen zuten. Josetxo Zufiaurrek gogoratzen duenez, «barkillo bat erostera joatean, erruletarekin zorteari erronka egiteko aukera izaten zen, eta gezia saria adierazten zuen hutsunean gelditzen bazen, oparitu egiten zen barkilloa».
Gerora, Beasainen bizi ziren herritarrak hasi ziren barkilloa egiten, eta goxokiekin batera, igande eta jaiegunetan jartzen zituzten salgai plazan. Barkillogile izena atzean utzi eta karamelu sailtzaile izenarekin gelditu ziren. Zufiaurrek, Andres Perez eta Jose Cea karamelu saltzaileak ditu gogoan: «Andres Perez, fabrikan lan egin arren, igandeetan eta jaiegunetan Navarro tabernaren aurrean jartzen zen bere mahaiarekin». Jose Cea, berriz, lan horretara «esklusiboki dedikatzen» zen lehenengoa izan zen. Emaztearekin batera plaza azpian jartzen zuen postua; hil zirenean, beraien bi semeek jarraitu zuten lanbidearekin.
Beranduagokoa da Emilio Pascualek Gernika pasealekuan jarritako kioskoa. Egunkariak eta aldizkariak saltzen hasi zen lehendabizi, eta beranduago goxokiak ere bai, bere suhiak txurro denda jarri zuen arte.