Gabirian igandean egingo dute 17. Errezil Sagarraren eguna (1996an hasi zen). Errezil sagarraren inguruan gorpuztuko dute, urtero bezala. Sagar lehiaketa egingo dute, Gabiriako 12 ekoizlek aurkeztutako bina saskikadarekin. Hiru sari banatuko dituzte, denak maila berekoak eta iaz jaso ez zutenentzat. Bestetik, sagar-goxo edo menbrilu lehiaketara 17 herritarrek aurkeztuko dituzte gozoak; sari bakarra emango dute. Azkenik, azken urteetan bezala, Goierri Beheko Ezti Lehiaketa ere egingo da; eskolako Dantzalekura 10:00-10:30 tartean eraman behar dituzte erlezainek potoak.
Baserriko produktuen azoka ere jarriko dute, plazan eta inguruko aterpeetan. 15 baserritako jakiak erosi ahalko dira, errezil sagarretik hasi, eta gazta, ogi, barazki, fruta, fruitu lehor eta bestelako gutizietaraino. Feria 10:00etatik 14:00etara izango da.

Lontxo Ormazabal sukaldaria, Gabino Murua antolatzailea eta Iñaki Etxezarreta alkatea. Atzo eman zuten igandeko errezil sagar egunaren berri. /Aimar Maiz
Helburu didaktikoa ere baduenez egunak, ohi bezala Josu Osa frutarbola zaintzaileak txertaketari buruzko azalpenak emango ditu. Jakoba Errekondo paisajista usurbildarra ere izango da,
Landareak lantzen azken liburua aurkeztuz eta zalantzak argituz. Korta jatetxeko sukaldari Lontxo Ormazabalek, berriz, sagar-konpota egin eta banatuko du.
Sari banaketa 13:30a aldera egingo dute. Garai horretan, azokako erosleen artean zozketa ere izango da. Errezil sagar saskikada bat, Baztarrika gaztandegiko gazta bat, eta Korta jatetxeko sagar-tarta bat zotz egingo dituzte. “Goiz atsegina” igaroko dutela eta, goierritar guztiei egin diete antolatzaileek gonbita, igandean Gabiriara joan eta azokan eros dezaten. Ostatuan, eta Erbie eta Osinalde elkarteetan taberna zerbitzua emango dute.

Errezil sagarraren lehiaketa eta azoka, iaz, Gabiriako plazan./Aimar Maiz