Lazkaoko herriak haur minbizidunen Gipuzkoako elkarteari urtebetean eman dion laguntza garaia bukatutzat jo dute. 'Ironman'-aren erronka gauzatu dute, haurren borrokaren ikurtzat.
Aspanogirekiko proiektu solidarioa kirol erronkaren diru ekarpena eta balorazioa emanez bukatu dute, gaur, Lazkaon. Aitor Altuna (zinegotzia), Joseba Arratibel, Nekane Lekuona (Aspanogi), Gorka Intxausti, Etor Mendia eta Juanje Anduaga (NerGroup), ekitaldian./Aimar Maiz
Uztailaren 9a egun seinalatua izan zen Lazkaon Aspanogiren alde lankidetzan aritu diren herritar ugarientzat. Joseba Arratibel eta Gorka Intxausti lazkaotarrek Roth-eko (Alemania)
Ironman proba bukatu zuten, 12:15:03 orduan. Esfortzu kementsu eta marka horren atzean, ordea, ahalegin erraldoiagoa eta urtebeteko denbora zegoen. 2016ko uztailaren 2an Lazkaon egin zen festan hartu zuten konpromisoa, hain zuzen, proba hori burutuz Aspanogiren aldeko ekimena osatzeko.
Aspanogiren elastikoa soinean helmugaratu ziren Intxausti eta Arratibel, eskutik helduta. Minbiziaren patua egokitu zaie haien seme banari, eta Aspanogira jotzea tokatu. Flakiatik indarrak atera, eta haur minbizidunen familien Gipuzkoako elkartearen lana eskertzeko eta gizarteratzeko lain atera dute.
Lazkaon iaz egin zen festa handian hasi zen lasterketa partikularra. Rotheko Ironmana begiz jo, eta urtebete igaro dute entrenatzen, Etor Mendia prestatzailearekin. Behobia-Donostia, Donostiako Maratoia, Zarauzko, Salouko eta Bilboko ironman erdiak, eta Quebrantahuesos bizikleta proba egin dituzte, tartean. Bien bitartean, Aspanogiren elastikoak saldu, eta 1.900 euro batu dituzte harentzat. Ostira-lean eman zizkioten Aspanogiko koordinatzaile Nekane Lekuonari, Lazkaoko udaletxean egindako ekitaldian.
Ironmanaren erronka, haurrek minbizia gainditzeko borrokaren alegoria gisa hartu dute. «Gaitza ere luzea da, konstantzia eskatzen du, egunerokotasuna une onekin eta txarrekin… Baina helmuga ikusten da urrunean, Ironmanean bezala», aitortu dute, umeei animoak bidaliz.
«Maite dugu Lazkao»
Aspanogiren izenean, Lekuonak eskerrak eman dizkie eragileei: «Diru garrantzitsua lortu da, ikerketarako eta familiei laguntzeko; osasuna, kirola eta elkartasuna batuta. Maite dugu Lazkaoko herria; eskerrak denoi».
27.189
Euro. Lazkaon Aspanogiren alde bildu den dirua, guztira, urtebetean.
· 25.289 euro. Iazko festan jasoa eta Ner Group-ek emana. Biodonostiari eman diote, eta Idoia Garcia biologoa haurren minbizia ikertzen ari da.
· 1.900 euro. Urtebete honetan bildua. Aspanogirentzat izango da, familien harretarako.