Urtarrilean osatu zuten Itsasoko udalbatza, Aldundiko ordezkarien babesarekin.
Espainiako Gobernuak ez du Itsaren desanexioa onartuko, baldin eta epaitegiek ez badute ontzat ematen. Hala esan zuen atzo Soraya Saenz de Santamaria gobernuaren bozeramaileak, EAJko Iñigo Barandiaran senatariak egindako galderari erantzunez. Saenz de Santamariaren arabera, Itsasori “4842 biztanle falta” zaizkio Itsasori, legearen arabera, herri bezala egituratzeko. Izan ere, Tokiko Entitateen Erregistroan sartu ahal izateko, herri batek 5.000 biztanle izan behar dituela jasotzen du Espainiako araudiak.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren erantzuna berehala iritsi da. Imanol Lasa foru bozeramaileak, Gobernua “bere estrategia birzentratzailean tematzea” arbuiatu du, eta Gernikako Estatutuari eta Lurralde Historikoaren Legeari “jaramonik ez” egitea leporatu dio. “Ikusi dugu, beste behin, Espainiako Gobernuarentzat baleko legaltasun bakarra dagoela, bere interes politikoena, eta ez dagoela prest politikaren judizializazioa alde batera uzteko”.
Itsasoren desanexio prozesua “legea zorrozki errespetatuz” egin zutela gogorarazi du Lasak, eta Foru Aldundiak zein udalak, beraien esku dagoen guztia egin dutela konponbidea adosteko, “Gobernuak etengabe jarritako oztopoen aurrean”. Martxoan bilera baterako deialdia egin ziotela azaldu du, baina Gobernuak “entzungor” egin diola eskaera horri.
Eskumen kontua
Saenz de Santamariak erreferentzia egiten dion 5.000 biztanleko muga hori, Espainiar legedian dago jasota. Baina Foru Aldundiak gogorarazi du, “mugapen arautze eskumena” Foru Aldundiari dagokiola. Hala jasotzen baitu Autonomia Estatutuak eta Autonomia Erkidegoko erakundeen eta Lurralde Historikoen foru erakundeen arteko harremana arautzeko 27/1983 Legeak. Horri, 2003an onartutako Foru Araua gehitu behar zaio, zeinak jasotzen duen frankismoaren diktadurapean bat egitera derrigortuak izan ziren herriak gutxieneko biztanlegoaren baldintzatik salbuetsita gelditzen direla.
Hori guztia dela eta, auzitegiek jarritako errekurtsoaren inguruko epaia eman bitartean, “gure autogobernua eta foru eskumenak” errespeta ditzala eskatu dio Imanol Lasak Espainiako Gobernuari; baita itsasoarrek “partaidetza prozesu eredugarri batean eta herri galdeketa baten bitartez adierazitako borondatea” errespetatzeko ere.