«Bizitza guztia daramat pilota munduan, eta ohorea da hor segitzea»
Pilota hautzaile modura txapelketa bateko lehen finala biziko du etzi Bilbon Martin Alustizak (Segura, 1961). Hemezortzi urterekin debuta egin, eta 27 ...
Pilota hautzaile modura txapelketa bateko lehen finala biziko du etzi Bilbon Martin Alustizak (Segura, 1961). Hemezortzi urterekin debuta egin, eta 27 urte egin zituen profesionaletan. Lau final jokatu zituen bi-bitakoan, eta bakarra irabazi, 1993an, Antton Maizekin. Gerora, Aspeko teknikari aritu zen bi urte t’erdiz, eta beste zortzi urtez intendente bezala enpresa berean. Hartu duen ardura berriaz eta pilotaren alde ezezagunez hitz egin du, gaur zortzi Ordizian egindako elkarrizketan. Finaleko pilota hautaketa, aldiz, atzo izan zuten.
Azkenean ez da iazko finala errepikatuko. Pilotazale gisa, zer moduzko balorazio egiten duzu aurtengo lau t’erdikoaz?
Balorazio positiboa. Denetik egon da, baina orokorrean, partida onak atera dira. Ikusi da aurten ere iazko pilotariak hortxe ibili direla. Gorka izan da, agian, finalerdietan sartzekotan egon dena, sorpresa positiboa hori. Gainontzean, iazko lau pilotariak iritsi dira, eta berdintasun handia egon da.
Eta bi finalistez, zer duzu esateko? Urrutikoetxea irabazitakoa da, Altuna artista da kaiolan.
Paperaren gainean ikusita finalak oso polita izango dela ematen du. Urrutikoetxea, beharbada, faboritoago, ikusita zer txapelketa egin duen. Partida denak borobilak egin ditu. Altunak, aldiz, partidarik kaskarrena Urrutikoetxearen kontrakoa egin zuen –22-12 galdu zuen final laurdenetako ligaxkan–. Iaz ere Urrutik egurra eman zion.
Pilotari desorosoa egiten zaiolako beharbada?
Ez dakit zergatik zer den. Urrutikoetxeak Altunaren jokoa gainditu egiten duela ematen du.
Pilota hautatzaile bezala, faborito zein ikusten duzun esaterik ba al duzu?
Inork ez dik horrelakorik esan (barrez). Nire lana zein den kontutan hartuta ez da komeni igoal. Juan Mari Juaristi Atano XIII.arekin, urte askoan hautatzaile izandakoarekin, asko ibilitakoa naiz, eta hark beti esan zuen partida ona atera zedila, eta onenak irabaz zezala. Azkenean, partida ona ateratzen bada norbera ere lasai geratzen da.
Zure lehen txapelketa izan da kargu berrian. Zer moduz sentitu zara?
Kargu honetan azken erabakia nirea da. Nik erabakitzen dut zer pilotarekin jokatu behar duten. Alderdi horretatik urduritasun gehiago nabaritzen dut, baina hori beharrezkoa da, eta lan honek berekin darama hori. Intendente bezala tentsio momentuak bai, baina hautatzaile modua tentsio hori handiagoa dela esango nuke. Hala ere, gustura nago. Bizitza guztia pilota munduan daramat, eta hor segitzea ohore bat da niretzat.
Irail bukaeran proposatu zizuten postua, eta bi egun eman zizkizuten erabakitzeko. Zer jarri zenuen balantzan?
Eskaini zidatenean zalantza batzuk izan nituen, baina azkenean banekien baiezkoa esango nuela. Badakit zer lan den, badakit egurra jasoko dudala, badakit jendearen ahotan egongo naizela, baina azkenean, momentu txarrak eta tentsiozkoak, eta pilotaren saltsan jarraitzeak balantzan jarrita, bigarrenak indar gehiago izan du.
Etxe aldetik inolako eragozpenik ere ez.
Ez, ez, ohituta daude. Andrea eta bi alaba ditut. Andrearekin bi hitz egin nituen, baina azkenean erabakia nirea zen.
Zure aurrekoak, Kepa Peñagarikanok, lan kontuekin bateratu ezina argudiatu zuen kargua uzterakoan. Zein da orain zure lan martxa?
Orain gutxira arte Asperekin aritu naiz beste lan batzuk egiten, eta harreman hori etenda dago hautatzaile kargua hartu nuenetik, eta honetara dedikatzen naiz erabat. Gustura nago.
Ordizian egiten dituzun lan komertzialak ere bai.
Bai, bai, honetara erabat. Ea urte batzutan karguan irauten dugun (barrez).
Eta zenbateko lanaldia eskatzen du?
Orain lau t’erdikoa bukatuko da, eta gero binakakoa hasiko da. Hor izaten da lanik handiena. Asteazken goizetan eta arratsaldeetan pilota aukeraketak izango ditugu, eta ostegunetan ere bai. Astean lau aukeraketa, hori lanik fuerteena, goizean etxetik atera eta iluntzera arte. Eta asteburuetan ere partidetara joan beharra dago. Astean lau bat egun. Jendeak esaten dit: “Hori ez duk lana!”. Hemen badakizu, besteen lana beti erraza izaten da. Pilota aukeraketa egunetan tentsioa izaten da, eta etxera iristean, ia ezer egin gabe, nekatuta zaudela sumatzen da. Eta hori, dena ondo irten bada, baina kexak baldin badaude, okerrago.
Hautatzaileak inpartziala izan behar du, neutrala. Intendentea beti etxera begira aritzen da. Zer hartu behar du kontuan hautatzaileak inpartzialtasun hori bermatzeko?
Hautatzaileak batez ere kontutan hartu behar duena da zer frontoitan jokatzen den. Iaz hasi ziren, eta niretzat oso positiboa da hori, eta aurten ere bai, jakin gabe zer pilotarik jokatu behar duten partida materiala aurretik jartzea. Hori aurrerapausu izugarria da, eta seriotasuna ematen du. Aurten ere finalerdietan pilotak jarri zeuden, zer pilotarik jokatu behar zuten jakin gabe. Finalerako pilotak ere hiru aste aurretik jarrita zeuden.
Horrek zama handia kenduko dio hautatzaileari.
Noski. Hamar pilota egongo dira zesto horretan, denetik.
Bosna enpresa bakoitzak.
Sei edo zazpi ere izan daitezke enpresa batenak. Askotan, intendente bakoitzak niri ematen dit lote bat, eta gero lote hori nahasten da, eta tokatu daiteke enpresa batenak sei izatea eta bestearenak lau, pilotek inolako arrastorik ez baitute izaten. Hor begiratu behar dena da batez ere zer frontoitan jokatu behar den; eta gero, pilota oso biziak badira kendu, eta oso motelak badira ere bai.
Hautatzaileen lana erraztu ere egin da Cipriren pilotak desagertu eta denak Punparenak direnetik, hau da, hornitzaile bakarra dagoenetik. Zergatik?
Kanpotik, pilota mundua ezagutzen ez duenak, zoratuta gaudela pentsatu izango du, beti gorabeherak pilotekin… Pilotetan, batetik bestera, alde handia dago, eta pilotagile batetik bestera ere bai. Pilotari batzuk Cipriren pilotekin gustura ibiltzen ziren, baina Punpak egiten dituen piloten artean ere badago aldea.
«Materiala aurrez jartzea pausu izugarria da, seriotasuna ematen du»
«Hautatzaileak, batez ere, partida zer frontoitan jokatzen den hartu behar du kontuan»
«Badakit zer lan den hau, badakit egurra jasoko dudala»
«Kargurako prest nagoela uste dut; gero ikusi egin behar nola hartzen ditudan kolpeak»
«Pilota kirol sakrifikatua da, askotan eskuak egitera bakarrik joan behar duzu»
Nola izaten da hautaketa prozesua hasieratik partidara egunera arte? Pilota egiten denetik bukaerara?
Pilotak ez dira ez eskuz egiten, baina joskura bai. Joskurak izugarrizko garrantzia dauka. Zuk pentsa; lehenbiziko pilota estu-estu josiko du, baina zortzigarrenerako eskua nekatuago izango du, eta lasago josiko du, eta horren ondorioz pilota ere aldatu egiten da. Ez da tenisean bezala.
Eta gero?
Enpresa bakoitzeko intendenteak jasotzen ditu. Ni intendente nintzenean astero 20-30 pilota jasotzen nituen. Zentrifugagailu moduko batean gozatu egiten nituen, gero frontoian probatu, eta aukeraketa egunerako intendente bakoitzak bere lotea aurkezten du. Nik bi loteak nahastu, probatu, eta hortik hamar pilota gelditzen dira zestoan.
Zergatik esan ohi duzue pilota bizitza daukan materiala dela?
Pilotak bizitza bat daukalako, ibilbide bat daukalako. Hasieran, soinu aldetik, indartsua izaten da, eta tantoak aurrera doazen eran, aldatu egiten da, eta pilota hori hiltzen joaten da. Botea aldatu egiten da, soinua ere bai. Eguraldiak ere eragiten du. Alde handia dago hezetasun giroarekin edo hego haizearekin jokatu. Hezetasunarekin pilotak beste soinu bat hartzen du. Hezetasun puntu bat oso ona da pilotarentzako, hego haizearekin, aldiz, soinua galdu egiten du.
Eguraldiari ere erreparatu behar zaio orduan, gerta bailiteke aukeraketa egunean giro bat egitea eta final egunean beste bat.
Eguraldiak zerikusi handia dauka. Partida bat udan izan ala neguan izan, alde handia dago. Horregatik esaten dugun pilotak bizitza daukala, aldatu egiten baita.
Pilotaren alderdi itsusiena Juan Mari Juaristi Atano XIII.a hautatzailea zenarekin ezagutu duzula irakurria dizut. Polemika, tentsioa, zeresana… Horretarako prestatuta al dago Martin Alustiza?
Nik uste dut baietz, eta hori esaten dut pilotaren mundua ezagutzen dudalako, eta Juan Marirekin kilometro asko egin dudalako. Arazoak egoten zirenean, etxerako buelta gogorra izaten zen. Txapelketa honetan ondo joan da dena, kexaren bat edo beste bai, baina orokorrean ondo. Lau t’erdikoa ere izan daiteke txapelketa errazena, lau koadroren barruan aritu behar izaten dutelako. Arazo gehiago izaten da binakakoan eta buruz burukoan. Baina bai, nire ustetan prestatuta nago. Gero, momentua iristen denean, ikusi egin behar nola hartzen diren kolpe horiek.
Pilotan jokatzen jarraitzen al duzu?
Ez. Pilotan utzi nuenean palan hasi nintzen, baina abduktoreetatik gaizki… Korrika pixka bat egiten dut
Eta Segurara batere inguratzen al zara?
Anaia bizi dut Seguran. Lehen gehiago joaten nintzen ama bizi zenean, eta hemen inguruan banenbilen bazkaltzera joaten nintzen. Baina bestela bai, astean behin-edo saiatzen naiz anaiarekin geratzen, bazkaldu, herriko kontuak jakin… Saiatzen naiz.
Herri pilotazalea izan da Segura, baina azken urte dezentetan ez du pilotaririk eman, eta herriartekorako talderik ere ezin izan du osatu, Goierriko beste herri txiki askok bezala, Ataun eta Lazkao ez direla. Egoera horri buelta emateko sekreturik ba al dago?
Ez dakit zein ari den orain Seguran pilotan erakusten, baina kanpotik etortzen zen. Segura batean, eta kanpotik! Pilota kirol sakrifikatua da, eskuak egitera ere askotan bakarrik joan behar duzu, eta gaur egun, 14-15 urterekin, gogorra egiten zaio hori gazteari. Eta gero, kirol aukera asko dituzte gazteek. Baina bai, pena ematen dit Seguran horrela dabiltzala ikustea. Gure garaian, Seguran, gure kuadrillan praka zuriak jantzitakoak erdiak baino gehiago izango gara. Gu frontoi irekian aritzen ginen, gero estalia egin zuten, frontoi ederra, eta umeak hara eraman egin behar dira. Ez da instalazioen kontua, norberari atera behar zaio. Futbola da nagusi, taldeko kirola, eta horrek indar asko dauka.