Energia azoka egingo dute bihar, Ordiziako Plaza Nagusian
Energia azoka egingo dute bihar, larunbata, Ordiziako azokan. Gaur aurkeztu dute ekimena, Ordiziako udaletxean. Goieki, Goierriko energi plan berria abian jartzeko da eta horren baitan kokatzen da energia azoka egitea. Agerraldian izan dira, Ordiziako udaleko ordezkariak, Jose Migel Santamaria, Ordiziako alkatea eta Joseba Aranburu, zinegotzia. Jose Inazio Asensio Ingurumen foru diputatua eta Goiekiko ordezkaria den Olaya Mendoza.
Energia azoka, herritar guztiei zabaldutako ekimena da. Helburua, jendeak energia iturri berri eta garbiak eta kontsumo eraginkorreko teknologiak ezagutzea da, honela euren erabilera sustatuz. Azoka, 10:30etik 14:30era egongo da irekita. Gainera, bi bisita gidatu egingo dira, 12:00etan eta 13:00etan. Bertan, stand eta informazio panelak izango dira ikusgai; biomasa galdara, eguzki energia, instalakuntza desberdinak, aerotermia instalakuntza, tenperatura baxuko berogailuak, LED argiteria eta eraikuntzetarako isolamendu materialak, besteak beste.
Goierritar guztiak gonbidatuta daude azokara eta horrela, izan ditzaketen zalantzak argitzeko aukera izango dute.