Kilometroak 2018 festaren aurkezpena, argazkitan
Zubiak batuz izango da 2018ko urriaren 7an Urretxu eta Zumarragan egingo duten Kilometroak festaren lema. Leloa, logotipoa, helburuak eta arropa gaur iluntzean aurkeztu dituzte, ekitaldi ibiltari batean. Ikastolako irakaske, ikasle
Zubiak batuz izango da 2018ko urriaren 7an Urretxu eta Zumarragan egingo duten Kilometroak festaren lema. Leloa, logotipoa, helburuak eta arropa gaur iluntzean aurkeztu dituzte, ekitaldi ibiltari batean.
Ikastolako irakaske, ikasle eta gurasoek ilusio handia jarri dute antolaketa lanetan eta Kilometroen ardura ikastolarena bada ere, bi herrietara zabaldu nahi dute. Horregatik aurkeztu dute kalean.
Ikuskizunaren ardatza ipuin bat izan da. Iñaki Aranburuk eta Josune Mujikak egin dituzte narratzaile lanak, azken honek zeinu hizkuntzan.
Aurkezpen ekitaldia lizeoko patioan hasi da, dantzarien, txalapartarien, trikitilariaren eta ikastolako abesbatzaren saioarekin. Handik, bi herrietako batukada buru, Urretxu eta Zumarraga batzen dituen zubira joan dira. Bertan, Andoni Salamerok olerki bat irakurri du.
Argiñe Artolazabal ikastolako lehendakariak, Mikel Serrano Zumarragako alkateak eta Itziar Agirre Urretxuko zinegotziak (alkatea kanpoan da) ere hitz batzuk esan dituzte.
Ondoren, parte hartzaileak eta ikusleak bi herriak batzen dituen zubitik Zumarragako Euskadi plazara joan dira, batukadak gidatuta.
Bertan, oholtza eta pantaila erraldoi bat zituzten zain. Pantailan 1985eko eta 2002ko Kilometroak festetako irudiak eskaini dituzte. 1985ean eta 2002an ikastolako lehendakari zirenak, Patxi Bastida eta Maria Luisa Mujika, oholtzara igo dira.
Gainera, Uxue Fernandez eta Mikel Iturriotz bertsolariek bertso batzuk abestu dituzte eta Goiargi abesbatzak Txoria txori abestu du.
Ikuskizunean parte hartu dutenek ibilbidean zehar jasotako koloretako egur zatiak oholtzara igo dituzte. Bertan, pieza horiekin, logoa muntatu dute. Egurrezko pieza handi hauek Mikel Ibarzabal artisauak egin ditu.
Logoak meccano haur jolas ezaguneko piezak ekartzen ditu gogora. Hauek elkartuz K18 osatzen da. Piezek Urretxu eta Zumarragako zirkuitua, bidegorria, erreka eta zubia irudikatzen dituzte, leloari erreferentzia eginez. Mikel Ruiz eta Gorka Ojanguren ikastolako ikasle ohiak dira logoaren eta leloaren sortzaileak.
Ekitaldian Kilometroak 2018 festako arropa ere aurkeztu dute. Modeloek izarren pare desfilatu dute, alfonbra gorri baten gainean. Jarraian, ehundik gora lagunek flashmoba egin dute, Euskaraz bizi nahi dut abestiaren erritmora. Pantaila erraldoian jarritako atzera kontuak eman dio amaiera ekitaldiari eta hasiera ofiziala jaiari. Ozen entzun da oihua: “Kilometroak 2018 hasi da!”.
Horra hor gaur arratsaldeko ekitaldiko argazkiak.