Mendez mende
Sendabelarren jakinduria belaunaldiz belaunaldi, ahoz aho, transmititu izan da. Arriaranen bihar estreinatuko duten ‘On egiñaren obaria’ dokumentalean, jakinduria hori jaso eta belaunaldi gazteagoei ...
Sendabelarren jakinduria belaunaldiz belaunaldi, ahoz aho, transmititu izan da. Arriaranen bihar estreinatuko duten ‘On egiñaren obaria’ dokumentalean, jakinduria hori jaso eta belaunaldi gazteagoei gerturatu nahi diete.
Bihar, azaroak 18, 18:00etan, Arriarango Intxaurpe elkartean, On egiñaren obaria dokumentala aurkeztuko dute Huhezi unibertsitateko Andoni Mikelarena beasaindar, Xabier Mendizabal ordiziar, Markel Bazanbide arrasatear eta Beñat Abasolo aretxabaletar ikasleek, Intxaurpe elkar-teak eskatuta. Arriarango herri memoria berreskuratzeko bidean, beste urrats bat da dokumentala, auzoko nekazal bizitzaren eta paisaiaren eraldaketa ezagutzera emateko helburua baitute.
Dokumentalaren protagonistetako bat Jose Frantzisko Arsuaga Arriantxo sasi medikua edo petrikiloa da, Arriarango Ola baserritik Legazpiko Zabaleta baserrira joandako Jose Domingoren semea. 1821. urtean jaio zen Arriantxo eta 88 urterekin hil zen, 1909an. Animaliak eta pertsonak sendatzen aritzen zen eta gaixotasunak antzemateaz gain, sendagaiak ere berak prestatzen zituen, sendabelarren laguntzarekin.
Martin Ugarte Saletxek 1972an On egiñaren obaria liburua argitaratu zuen, Arriantxo sasi medikuaren inguruan. Dokumentalak, hain zuzen ere, Saletxeren liburuaren izena hartu du. Arriantxoren Legazpiko Zabaleta baserriko Inazio Arsuaga birbilobak eta Rosa Aizpeolea bere emazteak ere izango dute lekua dokumentalean. Arriantxoren sendabelar liburua eta sendatzeko tresnak gordeta dituzte oraindik etxean.
Bittori, Tere eta Modesta
Sendabelarren jakinduria eta erabilera mendez mende, ahoz aho, joan da zabaltzen eta oraindik asko dira sendagai gisa sendabelarrak erabiltzen dituztenak. Dokumentalaren bigarren zatian hain zuzen ere, gurasoengandik sendabelarren ikasgaia jaso duten hiru auzotar izango dira protagonistak: Saltsamendiko Bittori, Salbatoreko Modesta eta Olako Tere. Ederki pasatu zuten dokumentalaren grabazioan, «primerako eguraldia» lagun: «Urtegiari buelta emanez, paseatuz, alditan gelditzen ginen eta hitzaldia egiten genuen. Galderak egiten zizkiguten gazteek eta guk, genekiena, ahal genuena, erantzuten genuen», dio Bittorik. Grabazioan ari ziren bitartean belarrak ere aurkitu zituzten: oreganoa, adibidez, «odolkiari botatzen zaiona», eta inprobisatzeko tartea ere izan zuten: «Odolkiaren gaia aitzakiatzat hartuta, odolkiak egin eta partitzen aritzen ginen garaia gogoratu genuen. Barre saio batzuk egin genituen».
Launa sendabelar
Urtegiari itzulia eman ondoren, Intxaurpe elkartera joan ziren, hiru protagonistek launa sendabelar zituztela. «Bitan egin behar izan genuen grabazioa, lehenengoan Tereren ahotsa bakarrik grabatu omen zen eta». Bittorik aza hostoa, belar mina, llantena eta lapa txikiak eraman zituen. Terek, ebaki belarra, pasmo belarra, berbena belarra eta usuri belarri aukeratu zituen beraien propietateak ezagutzera emateko. Modestak, azkenik, sasi puntak, giltzurdin belarra, intsusa lorea eta asuna. Fede handia diete sendabelarrei, nahiz eta jakin denak ez garela berdinak eta erremedio guztiak guztientzat ez balio.
Hamabi sendabelar
Bittorik, Terek eta Modestak hamabi gaixotasuni aurre egiteko, hamabi sendabelarren propieta-teak azaldu dituzte ‘On egiñaren obaria’ dokumentalean.
- Aza hostoa. Ultzerentzako egokia.300 gramo aza hosto, zuztar eta guzti, likuadoran likidotu, eta bi litro ur gehitu. Nahastu eta hozkailuan utzi; egunean lau goilarakada hartu, zazpi egunean. Urtean behin hartzekoa da. «Hankan-eta izaten diren ultzerak ixteko, aza hostoa jartzea ere egokia da».
- Belar mina. Belar minaren infusioa gripearentzako erabiltzen da. Lorea duen bitartean bildu behar da.
- Llantena. Eztarrirako ona den sendabelarra da: «Llantena egosi, eta haren ura ezti pixka batekin edo azukre gorriarekin gozatuta, gargarak egin, edo baso txiki bat edan».
- Lapa txikiak. Bide bazterretan egoten dira «arropatan eta eransten diren lapa txiki horiek». Bi klase daude, bat handiagoa eta bestea txikiagoa. Txikiena da erabilgarria. «Gure etxean ohitura handia izaten zen udazkenean biltzeko. Infusio bezala hartzen genuen likidoen erretentziorako. Gure aitona zenak asko erabiltzen zuen lapa txikiaren ura pixa egiteko».
- Ebaki belarra. Ebaki belarra «kaktus bat bezala da, hosto zabala eta lodia du. Azala kendu, eta edozein ebaki edo zauriren gainean jartzen da. Belaun urratuentzako oso ona da».
- Pasmo belarra. Zaurietako «pasmoa, gaur egun infekzioa esaten dena, ateratzeko» egokia da pasmo belarraren ura. «Edateko oso fuertea da, gutxi edan behar da».
- Berbena belarrra. Sendabelarrik ezagun eta erabilitakoena da berbena; zikinkeria, pasmoa, infekzioa kentzeko eta garbitzeko enplastoak egiteko erabiltzen da.
- Usuri belarra. Pixeko infekzioarentzat egokia: «Zazpi bat hostorekin infusioa egin, eta egunean lau aldiz hartu behar da basokada bana. Gosari aurrean, bazkari aurrean, merienda aurrean eta afal aurrean».
- Sasi puntak. Beherakoarentzat erremedioa ere badute: sasi punten ura. «Basokada bat sasi punten ur, eta atzetik, segidan, basokada bat esne limoi urarekin hartu behar da. Limoia bota orduko hartu behar da, moztu egiten da-eta».
- Asuna. Odoloaren zirkulaziorako ona asuna, «odola mehetzeko».
- Intsusa lorea. Intsusa lorea ere ekarri zuten, lehortuta. Erabilera desberdinak izan ditzake. Infusioa katarroarentzat, gripearentzat, bronkitisarentzat erabil daiteke. Begietako konjuntibisa, bekatxoentzat ere erabilgarria da. Intsusarekin egindako ukenduak, adarraren azal berdearekin egiten dira.
- Giltzurrun belarra. Izenak dioen bezala, giltzurrunak garbitzeko belarra da, harritxoak eta harea garbitzeko. «Pareta bazterretan, leku hezeetan izaten da asko».