Mendiko zinemaldiko lan onenak emango dituzte gaur Zumarragan
Gaur, 22:00etan Zumarragako Zelai Arizti aretoan, Bilbao Mendi Film Festival jaialdiko filma onenak emango dituzte. Sarrerak 5 euro balio du. Leihatilan salgai jarriko dira eta Kutxabanken ere eskura daitezke. Nazioarteko
Gaur, 22:00etan Zumarragako Zelai Arizti aretoan, Bilbao Mendi Film Festival jaialdiko filma onenak emango dituzte. Sarrerak 5 euro balio du. Leihatilan salgai jarriko dira eta Kutxabanken ere eskura daitezke.
Nazioarteko mendiko zinemaldi honetako pelikula txalotuenak munduan zehar ezagutzera emateko, Mendi Tourra ekimena antolatzen dute. Aurten, Mexiko, Madril (Espainia), Luz Saint Sauveur (Frantzia) eta Vielhan (Herrialde Katalanak) eman dituzte, besteak beste. Zumarragakoa Gipuzkoako azken emanaldia izango da.
Hiru filma emango dituzte: Solo BASE, Blockheads eta Dodo’s delight. Hiru pelikulak jatorrizko bertsioan eskainiko dira, azpitituluekin.
Solo BASE pelikulako protagonistak David Fuste eta Turko eskalatzaileak dira. Beraien ametsa hegan egitea da eta hori lortzeko BASE jauzilari bihurtuko dira. Jauzilari hauek paraxuta dute segurtasunerako tresna bakarra. Dokumental honetan Fustek natura eta animaliekiko duen errespetua ere ageri da. 37 minutuko iraupena du.
Blockheads filma Erresuma Batuko boulderraren urrezko aroari buruzkoa da. Boulderra lotu gabe egiten den eskalada da. Dokumental honek 58 minutuko iraupena du.
Dodo’s delight filmako protagonistak Groenlandiako eta Baffin irlako hormetan eskalatu nahi duten lau lagun dira. Dodo’s Delight belaontzian joango dira eta itsas astinduei eta izozteko moduko tenperaturei aurre egin beharko diete. Estatu Batuetako dokumental honen iraupena 28 minutukoa da.
Emanaldi honek Zelai Arizti aretoa kudeatzen duen Hirutek enpresak eta Zumarragako Udalaren babesa du.
Atzo prentsaurrekoa eman zuten emanaldia aurkezteko eta ekitaldian Mendi Tourreko Aitor Elduaienek, Hirutek enpresako Rikardo Intxaustik eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak parte hartu zuten.
Serranok Mendi Tourrek Zumarragan geldialdia egitea «ohorea» dela esan zuen eta Zumarragan mendizaletasun handia dagoela gogoratu zuen. Elduaienek pelikula hauek mendizaleen eta zinema zaleen gustukoak direla aipatu zuen. «Aurten 9.000 ikusle baino gehiago bildu ditu Mendi Tourrek».
Ostadarren Mendi Astea
Datorren astean ere mendiza-leak izango dira protagonistak. Izan ere, Ostadar taldeak Mendi Astea egingo du. Lau ikus-entzunezko egongo dira: astelehenean Juan Mari Gabilondo zumarragarraren Euskal Herriko mendiak, asteartean Aitzol Jauregi urretxuarrak ibilbide luzetako harkaitz eskaladaz hitz egingo du, asteazkenean Mikel Zabalza mendizale nafarrak Karakorum mendiari buruzko emanaldia egingo du, eta ostegunean Mikel Diez eta Xabier Urrate herritarrek Nun mendira egindako espedizioaz hitz egingo dute.
Emanaldi guztiak 20:00etan hasiko dira. Lehenengoa Urretxuko kultur etxean izango da eta beste hiruak Zelai Arizti aretoan.