Manilarako 30 unitate hornitzeko kontratua itxi du CAFek
Filipinetako Manila hiriko trenbide sarea hornitzeko 30 unitate egingo ditu CAFek. 225 milioi euroko balioa duen kontratua itxi dute Beasainen egoitza duen tren konpainiak eta Mitsubishi Corporation etxeak. CAFek Filipinetan lortzen duen aurreneko kontratua da.
Manila Rail Transit, 20 kilometroko luzeera duen lurgaineko metro-linea da eta Manila hiria zeharkatzen du iparraldetik hegoaldera. Gainera, Cavite probintzia aldera beste 12 kilometroko luzapena egiten ari dira. Gero eta erabiltzaile gehiago dituen linea hori osatuko dute CAFek fabrikatuko dituen LRV motako 30 unitateek. Tren horiek, 2020 eta 2022 urteen artean entregatu ahal izango dituztela aurreikusi dute.
CAF eta Mitsubishi Corporation enpresen arteko harremana indartzen joan da azken urteortan. Besteak beste, Istanbulerako metro unitate automatikoak eta Australiako Canberra hiriko tranbiak egin dituzte elkarlanean.