Legorretako paper fabrika biziberritzeko proiektua aurkeztuko dute
Legorretako Etxezarreta paper fabrikarekin zer egin aztertzen ari dira Legorretako Udala, Goieki Garapen Agentzia eta GAC arkitektura bulegoa. Hiruen artean, proiektu bat garatu dute, eta proposamena aurkeztuko diote Gipuzkoako Foru Aldundiari, honek Etxezarreta paper fabrikako eraikin multzo bat biziberritu dezan.
Udalak azaldu duenez, “proiektu anbiziotsua eta berritzailea” da, eta herriari nahiz eskualdeari “onura handia” ekarriko liokeela uste dute. Eraikin multzo hori biziberritzeak “kostu handia” izango lukeela onartzen dute, eta helburua lortzea “zaila” izango dela. Baina elkarlan horrek emaitza ona izango duela uste dute, eta emaitzak “benetan merezi” duela.
Herritarrentzako aurkezpena
Landu duten proiektu proposamena herritarrei ere aurkeztuko diete. Abenduaren 2an izango da aurkezpen saio hori, 11:00etatik 12:30era, Legorretako herri antzokian. Bitartean, proiektuaren ideia nagusiak biltzen dituen bideoa zabaldu dute.